«Bideorik gabe beste behin ere zigorgabe irtengo lirateke, beti bezala»
Foam bala bat jaurtitzeagatik ikertua izaten ari den ertzainaren abokatuaren «gezurrak» salatu ditu Iker Aranak, eta «inpunitatea» eta «mesfidantza» sortzen dutela ohartarazi du. Horrela azaldu du NAIZ Irratian Ertzaintzak zauritutako gazte bilbotarrak, Justizia Aranarentzat plataformak bideoa publiko egin eta hurrengo egunean.

«Gezurra, inpunitatea eta mesfidantza». Hitz horiekin definitu zuen atzo Iker Aranak foam bala bat jaurtitzeagatik ikertua izaten ari den ertzainaren abokatuaren jarrera, asteazkenean Justizia Aranarentzat plataformak jaurtiketa erakusten duen bideo bat zabaldu ondoren. Bilboko Irala auzoko 33 urteko gazte honek barrabil bat galdu zuen Ertzaintzak Errekalde auzoko Etxarri gaztetxea hustu zuenean duela ia urtebete, 2025eko apirilaren 3an.
«Eskerrak bideoa lortu dugun, bestela ez litzateke epaiketarik izango», nabarmendu zuen Aranak NAIZ Irratian egindako elkarrizketan. Bertan esan zuenez, bideoan beste bi ertzainen deklarazioa desmuntatzen da.
Agente horien arabera, Iker Aranak gurutzatu egin zuen segurtasun marra eta kristalezko botilak bota zituen, beste manifestari batzuekin batera. Hori izan da Ertzaintzaren abokatuak joan den astean egunkari batzuetan zabaldu zuen bertsioa, Aranak berak gogoratu zuenez.
ARTXIBATZE ESKAERAZ
Bi ertzainen deklarazioetan oinarrituta, ikertutako ertzainaren abokatuak auzia artxibatzea eskatu du. Aranaren esanetan, epaileak ikusi dituen frogen artean dago bideoa, eta ertzainaren abokatuak ere ikusi du. «Eta bideoa ikusita, artxibatzea eskatzen du? Inpunitate osoz jokatzen dute», salatu zuen.
Irudiei dagokienez, gogoratu zuen zelan bizi izan zuen unea: «Ikusten da tiroa zuzena eta apropos egindakoa izan zela, niri begira. Ertzaintza hitza herriaren zaintzatik omen dator, eta horrela zaintzen gaituzue, tiro eginez; eta gero, gainera, gezurrak esaten eta gauzak gordetzen jarraitzen duzue?», bota zuen galdera. Azpimarratu zuen «deskonfiantza handia» sortzen dutela halako gauzak eginez.
BIDEOA BILATZEKO LANA
Lekukotza «faltsuei» buruz, aldarrikatu zuen ertzainen jarrera hori «zigortu» egin behar dela. «Funtzionarioak dira, suposatzen da gu zaintzeko daudela eta zerbait gertatzen denean gure aurka jotzen dute», gaitzetsi zuen gazte bilbotarrak, haserre.
Ildo horretan, Iralako auzokideak kritikatu zuen haiek egin behar izatea bideoa bilatzeko lana: «Bideoa eta argazkiak guk lortu ditugu, tinbreak joz. Ertzaintzak, dituen baliabideekin, ez du inolako froga bisualik eman. Ezin zituen tinbre batzuk jo?».
Gainera, ertzainaren abokatuak lehenengo momentutik argudiatu zuen agenteek eraman behar dituzten bodycam-ak «itzalita zeudela edo ez dela ezer ikusten», nahiz eta Aranaren abokatuak grabazio horiek eskatu zituen.
«Beraz, froga horiek ez dute balio. Ezin ditzakegu grabazioak ikusi, eta guk sinetsi egin behar ditugu beren hitzak. Bodycam-en gaiarekin ez dago gardentasunik», salatu zuen Aranak.
BOTEREA
Hortaz, Ertzaintzaren abokatuaren adierazpenen harira, orain Justizia Aranarentzat plataformak erabaki du jaurtiketa zuzena eta asmo txarrekoa izan zela frogatzen duen bideoa publiko egitea.
«Oso potentea da, eta gordeta geneukan beste momentu batean zabaltzeko. Hala ere, aurreko astean hedabide batzuetan atera zena ikusita, gezurrari erantzun behar izan diogu», esplikatu zuen Iker Aranak.
Eskertuta agertu da bideoa lortu ahal izategatik: «Abokatuak esan didanez, eskerrak bideoa lortu dugun, bestela ez litzateke egongo ez epaiketarik, ez zigorrik, ez ezer. Beste behin ere zigorgabe irtengo lirateke, beti bezala. Horrelako ekintza asko egiten dituzte eta azkenaldian are gehiago», gaitzetsi zuen gazteak.
Duela hilabete batzuk, Ertzaintzaren gehiegikeriak pairatu dituzten beste pertsona batzuekin batera izan zen Naizen Bilboko erredakzioan eta bertako lerroburua hau izan zen: «Ertzaintzako zenbait buruk botere handiagoa dute Segurtasun Sailak baino». Aranak ere bat egiten du horrekin.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
