IKER GURRUTXAGA
DONOSTIA

Disko laburren unibertsoko laugarrena, “Ez dago amor”, plazaratu du Arimak

Ez da ohikoena artista batek zortzi urteko ibilbidea egin eta disko luze bat kaleratu ez izana. Bada, Paule Bilbao buru duen Arima taldeak ez du halako lanik kaleratu eta, horren ordez, bere laugarren disko laburra atera du negu honetan. Aloud Music zigiluaren eta Bonberenea Ekintzak egitasmoaren artean publikatu dute lan berria.

Laugarren disko laburra kaleratu du Paule Bilbaoren Arima proiektuak.
Laugarren disko laburra kaleratu du Paule Bilbaoren Arima proiektuak. (Miriam MONTANO)

Bere garaian ezustean harrapatu gintuen proiektua izan zen Arima taldea. Intimoa bezain indartsua zen proposamena plazaratu zuen lehendabiziko “Metamorphosis” lan hartan. Bonberenea Ekintzak egitasmoarekin hasi zen elkarlanean eta hasieratik izan dute bidelagun, baita Karlos Osinaga Txap ere, haren eskua eta soinua nabariak baitira diskoz disko. “Ez dago amor” etorri da 2025aren hondarrean, Aloud Music zigiluarekin elkarlanean plazaratutako lana. Hirukote bera mantentzen da taldean, Paule Bilbao ahotsean eta gitarran, Gontzal Bilbao baterian eta Josu Gonzalez, baxuan. «EPa gaurdaino nire gogoko formatua dela esan genezake, nahiz eta azken lan honek baduen album formatuaren itxurarik. LP gisan ere aurkez daiteke, nahiz eta sei kantu izan», aipatu digu Bilbaok NAIZ Irratiko MusikHaria saioan.

Konposatzeko modua ere aldatu dela aipatu digu musikari bizkaitarrak: «Madrilen egon nintzen sasoian egin nituen konposizio lanak eta aurreprodukzio lanetan ere bakarrik aritu nintzen. Gainerako diskoetan ez da horrela izan eta urrats bat aurrera egitea izan da hori. Gero taldera eraman eta pare bat asteburutan haien ekarpenak gehitu genizkion lanari. Baina aurretik pentsatuta nituen bai bateriak, sinteak, baxuak… Eta hortik estudiora sartu ginen».

TESTURAK ETA JOLASA

“Hegazkina” da diskoa zabaltzen duen kantua, atmosferikoa bezain tribala, intro moduan datorren abestia, baina bitxikeria bat gordetzen duena; izan ere, diskoa ixten duen “Aztarnak” kantuaren hitz berak ditu. Norbaitek bidaia baten moduan plantea dezake, eta zentzua zeharo aldatu lehen eta azken abestiaren artean, mezua era batera edo bestera ulertuz. Errezitatzen entzun dezakegu Paule eta koral moduko bat ere suma daiteke geruzen artean; izan ere, ahotsak protagonismo berezia hartu duela esan genezake taldearen laugarren lan honetan. Testurak ere garrantzi berezia hartzen joan dira lanetik lanera ,eta hori nabarmen geratu da kantuz kantu.

“Ispilua”, “Isurkari”, “Jantzia” eta “Zarata” dira gainerako lau abestiak. Besteak beste, sokak, sitarra eta zeharkako flauta -azken hori Enrico Varagnolok joa- entzun ditzakegu, ohiko distortsio, oihartzun eta indarraren artean. Iluntasun dosi altuko diskoa den arren, argitasun puntu ugari ere topa ditzakegu diskoko sei pistetan.

Kantuen hitzetan ere gogoetarako tarte zabala, nahiz eta barrua hustu izanaren sentsazioa nahikoa agerian geratu den Paule Bilbaok landu dituen abestietan. Erreferentzia moduan Sonic Youth taldeko Kim Gordon musikari estatubatuarra aipatu du nagusiki, «abesti ez hain melodikoak eta zuzenagoak» egin nahi izan dituelako.

BIRA HASTEAR

Martxoan izango ditu lehen emanaldiak Arima taldeak eta horietatik aurrenengoa Tolosako Bonberenean izango da, martxoaren 7an. Gero, hilabete bereko 26an, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean eta, 27an, Gasteizko Kubik aretoan. Sarrerak eskuragarri daude, eta diskoa, berriz, sarean entzun daiteke.