GARA
LEIOA

Unibertsitaterako bekak eskuratzeko baldintzak arinduko ditu Lakuako Gobernuak

Unibertsitateko ikasleak, Leioako campusean.
Unibertsitateko ikasleak, Leioako campusean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Lakuako Gobernuko Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak atzo iragarri zuen bekak eskuratzeko baldintzak hobetuko dituela, hala unibertsitate ikasketak eta beste goi mailako ikasketa batzuk egiteko erraztasunak emateko; horiek 2026-2027ko ikasturteko deialdian aplikatuko dira. Helburua litzateke onuradun kopurua handitzea eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errealitate sozioekonomikora egokitutako laguntza-sistema bidezkoago baterantz aurrera egitea.

EH Bilduk horren inguruan egindako eskari baten ondotik etorri dira atzo iragarritako neurriak. Koalizioak EAJ, PSE eta Sumarrekin adostua da akordioa. «Pozgarria da ikustea Jaurlaritzak aintzat hartu duela EH Bilduk 2025eko ekainaren 18an Legebiltzarrean egin zuen proposamena eta lortu zuen akordio zabala. Neurri honekin urrats bat egin dugu aurrera Unibertsitatean aukera berdintasuna bermatzeko norabidean», adierazi zuen sareetan.

Atzo goizean Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak azaldu zuenez, egitasmo honen helburua azken urteetan atzeman duten «joera kezkagarri» bati aurre egitea da: 2023-2024ko ikasturteaz geroztik, ukatutako beken kopurua handiagoa izan da emandakoena baino. Egoera hori 2025-2026ko deialdira arte mantendu da, eta batez ere Estatu espainiarreko errenta-atalaseak izoztu izanari lotuta dago, ez baitute behar bezala islatzen EAEko bizitzaren kostua.

Datuek bilakaera hori berresten dute: 2023-2024ko ikasturtean 20.401 eskabide aurkeztu ziren, eta horietatik 9.593 eman; 2024-2025ean 20.430 eskaera egin ziren, eta 9.633 beka eman; ikasturte honetan 20.068 eskaera izan dira, eta ukatutakoak emandakoak baino gehiago dira oraindik.

1.500 FAMILIA GEHIAGORI

Egoerari buelta emateko, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak errenta-tarte berria sartuko du datorren uztailean argiratuko den hurrengo deialdian. Tarte horrek %10 igoko du familia errentaren muga eta goiko atalaseari dagozkion zenbatekoak mantenduko ditu; hala, Estatuan indarrean dauden hiru atalaseak gaindituta ere errenta estua duten familiak artatzeko aukera emango du.

Hala, familia onuradunen kopurua %15 inguru handituko da, eta horrek ekarriko du 1.500 bat familia berri sartzea unibertsitate beken sisteman, eta goi mailako hezkuntza jasotzeko aukera-berdintasuna benetan indartzea.