Adinkeria
Ez dakit noiz zahartu ginen, noiz bihurtu ginen alferrikako. Oharkabean izan zen, agidanean. Zimurrak ere ez baikenituen larruazalean sumatu. Oroitzen dut «boomer» hitza entzun nuela lehendabizi, eta grazia egin zidala, ttipitako xingoma batzuk oroitarazten zizkidan eta. Geroago jakin nuen jaiotza tasaren hazkundeari lotuta, «baby boom»-etik zetorrela. Eta uste dut orduantxe ohartu nintzela gutxiesteko erabiltzen zela, etiketa bat ezarri eta hortik aitzina erranen duzunari zama kentzeko edo jartzeko. Estigma baten arantza bailitzan, gezi mingarri bat. Errefusak direlako zaharrak gure gizarte mendebaldar honetan; tira, baldar gabiltza, bai, baita horretan ere. Non gelditu ote den zahartzeko enbeia, non esaldi jakintsua, deabruak zaharragatik dakiela gehiago, ez deabru delako. Haatik ez du gugan tokirik. Ekialdeko kulturetan, teknologiak nagusitza ez duen herrialdeetan, baietz, zaharrei begi-zabal entzuten zaiela, inspirazioa direla, eta haien jakinduria dela ondokoen eredu. Baina hemen nahinork deitzen zaitu «potrozimel» edo «zakilzahar», eztabaidan parte hartzeko eskubidea ukatzeko. Adinkeria da hori, diskriminaziorako arma bat, agresio berbala, samintzeko, bazterketa elikatzeko. Eraso bortitz bat hein batean, axaletik tratatzen den eta garrantzia kentzen zaion joera hedatuegi bat. Hitzak ez dira atzerantz itzultzen, eta horrexegatik hautatu behar dira ondo, itzulerarik ere ez duelako besteei doan egindako minak.
Fallo contra un fraccionamiento de contratos del Ayuntamiento de Getxo

«Prohibir las redes sociales a los adolescentes les infantiliza»

Trump pretende sumirnos en las tinieblas: sentir en la isla

«Erori ginen, altxatu gara, borrokan segitzen dugu»
