Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
LITTLE AMÉLIE

Xumea, baina iraunkorra

Filmak Japonian jaiotako Amélie neskato belgikarraren istorioa kontatzen du. Jaio denetik egoera begetatiboan dagoen haurra da, baina hiru urte betetzean, apurka-apurka, sentsazioen, aurkikuntzen, naturaren, familiaren, hizkuntzaren eta afektibitatearen bidez, esnatzen hasiko da. Istorio nagusia hori da, baina gidoiak oinarri sotil bat du: 1970eko hamarkadan girotzen da, eta familia protagonista belgikarra izanik ere, Japonian bizi da. Zertzelada txikien bidez argitzen da zergatia, eta herrialdeen arteko desadostasunek zenbait egoera sortzen dituzte pertsonaia batzuen artean. Premisa bitxi horretaz harago, filmaren estetika ilustratua oso berezia da, pastel koloreekin iradokitzen den nostalgia sentsazio fin eta gozoarekin. Fotograma bakoitzak mugimenduan dagoen margolan txiki bat dirudien arren, mundua Amélieren begietatik irudikatzen denez, irudiek izaera berezi eta sentikorra transmititzen dute.

Zuzendaritza artistikoak Amélie txikiaren begirada xalo eta bitxia modu bikain batean erakusten du, eta ikuslea bere unibertso emozional eta sentsorialean murgiltzera gonbidatzen du, bizitzaren xehetasun txikien magia sentitzeko.

Amélieren erabateko kontzientziara egindako jauzia filmaren gakoetako bat da. Esnatze hori Nishio-san zaintzaile japoniarrarekin duen harremanean islatzen da; hark irekiko dio neskatoari inguruko mundu natural eta emozionalean sartzeko ate magikoa. Euriak, urak, arrainek eta beste elementu natural batzuek neskatoaren barne eraldaketaren eta heltze prozesuaren metafora poetiko eta sakonak eskaintzen dituzte, ikuslearen begietan protagonistaren hazkuntza emozional eta sentsorialaren irudi bizi eta liluragarriak osatzeraino.

Film xumea eta laburra bada ere (77 minutu), uzten duen arrastoa iraunkorra da.