Eneko BARBERENA
Idazlea
JOPUNTUA

Europartzen ari gara

Interesgarria da Lanarteanek argitaratu duen “Kultura eta ezkultura” liburua. Hamasei artistaren testigantzak jasotzen dira bertan, nola bizi diren, edo nola bizirauten duten, hobeto esanda, eta komeni da horiez jardutea lagunarte, lantoki eta militantzia esparruetan.

Liburua hasi eta berehala Kepa Akixo artista aretxabaletarraren laneko mekanikan fijatu naiz. Hala dio: «Goizeko umea naiz oso, haurtzaroko istorioak izango dira. Gure herrian jendeak goiz jaikitzen ziren, gurasoak eta denak, fabrikara joateko. Eta gu ere bai. Horri lotuta nago. Ezkutuan bizi ginenean ere, berdin. Momenturik latzenak gauez agertzen ziren». Hala jarraitzen du: «Hortaz, udan, 06.00etan goratzen naiz, eta 07.00etarako hemen izaten naiz, lantokian». Bi lerro beherago hau: «Gero irakurtzen ditut Bibliako orri pare bat, eta tailerra zabaltzen dut. Hor lanean hasten naiz».

Bibliarena ez nuen espero, fabrikenak ez nau harritu. Oraindik badiraute, lantegiek, eta debagoiendarron nortasunari eusten diote. Alabaina, Adegik dio eguzki-haizeak jotzen duela industria poligonoetan eta harrotuko dituela bizarrak, gonak eta baita deskuidatuz gero uralitazko teilaturen bat ere. Txinatarrek izango dute erruren bat, diot nik, baina deabruaren asmakizuna ez ote den beste miseria batzuk tapatzeko trukoa, tartean hemengo enpresaburu batzuen mira motza.

Gauaren ideia bueltaka darabilt. Iluntasuna polita da ziur asko, sagu izan partez katu bazara, edota Paul Urkixoren filmografiaren zale. Zine zuzendari arabarrak bere azken filmarekin, elkarrizketetan esan duenaz gain, zer esan nahi digun asmatu nahian nabil: Ingumak, Mateo Txistuk eta aieru txarreko izakiek hor diraute, ilunpetan, gure zain. Hori hala da. Baina horren parean akelarrea ere bada, moral estuak egunez fermuki debekatzen duena era askean egiteko.

Akixok militantziako momentu gogorrak ditu ahotan gaua gutxiestean. Eta gure herria, gozamenerako gauari uko egiten dion gizarte hau, nola dago? «Gure ohiturak europartzen ari dira», entzun izan dut halakoetan. Zein da horren esanahia?