GARA
ESKUBALOIA

Eta Bidasoak gaur sorpresa emango balu?

Bidasoak ez du amore emango.
Bidasoak ez du amore emango. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

EHF Europako Ligan maind round deritzon fasea hasi zenean, denek zekiten Bidasoa-Irunek oso zaila izango zuela aurrera egitea. Talde irundarrak multzo fasean Flensburgen kontra jasotako porrotak pilatzen dituenez, hirugarren posturako lehian aritu beharko du Montpellierrekin batera. Hala ere, gauzak ez ziren batere ondo hasi, aurreko astean frantziarren aurka ere galdu egin baitzuten irabazi beharreko neurketa garrantzitsu bat.

Gaur gauean, Artalekun (20.45 ETB4), Alex Mozasen taldeak aurkari are gogorragoa izango du aurrean: Kiel, multzoko liderra. Argi dago alemaniarrak hurrengo kanporaketarako sailkatuko direla, Flensburgekin batera, baina Bidasoa-Irunek gaur etxean punturen bat lortuko balu, aurreko asteko porrotari aurpegi ona jartzeko balioko luke.

Ez du batere lan erraza izango. Hasteko, sorpresa galanta izango litzateke bien arteko aurrekontuak kontuan hartuta. Bestalde, Kiel sekulako otsaila osatzen ari da. Txapeldunen Ligako egungo txapeldun Magdeburgi irabazi zion, eta aurreko astean, EHF Europako Ligan, Flensburgi gailendu zitzaion. Hala, 6 puntu dituzte Kielekoek, eta Bidasoak, bat ere ez.

Gipuzkoarrak Asobal Ligan garaipena lortzetik iritsiko dira. Izan ere, Ademar Leoni irabazteak indar gehigarria eman die horiei. Hori bai, Mozasek baja garrantzitsuak ditu taldean: Iñaki Peciña eta Matheus da Silva. Gainera, erasoan zalantza dira Rodrigo Salinas eta Xabi Tua.

Berebizikoa izango da azken jardunaldira, martxoaren 10era, bizirik iristea. Azken neurketa hori, Artalekun, Montpellierren aurka izango da eta irundarrek bost gol edo gehiagoko aldearekin irabazi beharko liekete frantziarrei multzoko hirugarren postua ziurtatu eta final-laurdenetarako sailkatzeko.

OGONOVSZKYREN AGURRA

Emakumeetan, atzo Super Amara Bera Berak jakinarazi zuen Ester Ogonovszky datorren denboraldian ez dela taldean izango. Hungariarrak 72 partida jokatu ditu eta 231 gol sartu; iazko hiru tituluak lortu, Europako Ligako final-laurdenak jokatu eta aurtengo denboraldian, Kopa eta Liga amaieraren faltan, Iberiar Superkopa irabazi du.