Maria DEL RIO
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Autopista kanpora

Bilboko Errekalde auzoan pentsatzerakoan, burura datorkidan lehenengo gauza errekaldetarrak dira eta, nola ez, auzo borrokaz eraiki duten historia esanguratsua. Bizilagunei esker, Errekalde bizi handia duen auzoa da, edonor kontura daiteke; baina, zalantzarik gabe, biaduktuak auzolagunen bizitza baldintzatzen du, nahitaez, plazaren gainean 20 edo 30 metrora igarotzen baita eta, zoritxarrez, inguruko mendiekin batera, auzoaren paisaia osatzen du. Errekaldeko bizilagunek hamarkadak daramatzate biaduktua eraisteko eskatzen, eta, berriro ere, eztabaida publikoaren erdian dago, poztekoa ez den berri batengatik.

Ez da inondik inora arazo berria; izan ere, 2025eko apirilean 50 urte bete ziren Pilar Careaga alkate frankistak inauguratu zuenetik. Trafiko handia jasaten duen azpiegitura horrek auzoa bitan banatzea ekarri zuen, baita urte luzeetako borroka amaigabea ere. Oso nabaria da ingurumenean duen inpaktua, sortzen duen zarata, bai eta segurtasun arazoak ere. Izan ere, frogatuta dago bere presentziak eragin negatiboa duela inguruko bizilagunen bizi kalitatean eta osasunean.

Biaduktua eraitsita, trafikoa herrigunetik aterako litzateke, herritarrentzako lekua berreskuratuko litzateke eta gizarte kohesioa hobetzen lagunduko luke. Horretarako, beharrezkoa da Errekaldeko saihesbidea eraikitzea; baina, beste behin, zailtasun teknikoengatik atzeratuko dela jakinarazi dute; auzoko bizilagunen haserrea eta frustrazioa piztuz, ulergarria den moduan.

Obra lehentasunezkotzat jo da. Hala ere, denborak aurrera egiten jarraitzen du, eta zor historikotzat jotzen dena ez da kitatzen. Bitartean, beste azpiegitura batzuk, hala nola Lamiakoko itsasadar azpiko tunela, aurrera doaz. Zeri ematen zaio lehentasuna azpiegiturak erabakitzeko orduan? Herritarren bizi kalitatea hobetu beharrean, zergatik pentsatzen dute garrantzitsuagoa dela kotxe gehiago jasoko duen errepide bat eraikitzea? Noiz erabakiko da inertzia horrekin tematzeari uztea eta mugikortasun jasangarriaren alde egitea?