Herritarren osasuna, negozioaren muga
Muskizko auzo batean izan ziren bentzeno kontzentrazioen berri eman zuen Lakuako Gobernuak herenegun. Kontzentrazio dirudienez handi samar horiek Petronor enpresako gasolina andel batean izandako «gorabehera» batek eragin zituen. Enpresa egoeraren jarraipen zehatza egiten eta neurri zuzentzaileak ezartzen ari zela esan zuen Lakuak, eta ez zela beharrezkoa biztanleriaren osasuna babesteko ohiz kanpoko neurririk hartzea. Hala ere, leku itxietan egotea eta kanpoaldean ariketa fisikorik ez egitea gomendatu zuen, bentzeno kontzentrazioa handia zen bitartean. Atzo goizean, prebentzio neurri horiei eutsi beharra zegoela esan zuen Muskizko Udalak, eta gomendio bera errepikatu zuen Lakuak, eguerdian neurriak kendu arte.
Herritarrek ez omen zuten ohiz kanpoko neurririk hartu behar, baina ez da batere ohikoa etxean nahiz beste leku batean ateak eta leihoak itxita egon behar izatea. Neurri horiek ez dira ohikoak, enpresa horretako gorabeherak ez bezala, azken aurrekoa joan den igandean bertan izan baitzen, eta aurretik izan diren isurpenak ez baitira bakanak izan. Etxean geratzea ez da «bizitza normala» egitea, Lakuako Osasun Publikoko zuzendariak adierazi zuenaz bestera. Hark, era berean, esan zuen detektatutako bentzeno maila ez zegoela parametro kezkagarritan; hala ere, nor ez dute kezkatzen egunotan gertatutakoak eta lehenagoko gorabehera ugariek? Izan ere, ez dira huskeriak; bentzenoa gai minbizi-sortzailea da, eta findegiek inguruko herrietan sortzen dituzten arazoen tamainaren erakusgarri. Horregatik salatu dute, orain eta lehenago ere, herritarrek eta sindikatuek, jendartearen alarma, arriskua bezala, gero eta handiagoa dela ohartaraziz.
Repsolen filialak trantsizio energetikoarekin konprometitutako enpresa gisa agertzen du bere burua, energia berdearen aldeko apustua egin duela esanda, baina petrolioa lantzen du, planeta berotzen duen gaia, alegia. Industria energetikoa beharrezkoa da herritarren ongizaterako, baina benetan jasangarria ez bada, ez dago ongizaterik. Muga batzuk izan behar ditu; horietako bat, oso argia: herritarren osasuna.

Buscan testigos que pudieron ver a «Basajaun» con vida en Bilbo

Krisiaren ondorioz lur jota, «pagozelaia» astindu nahi dute

El negacionismo de la Berlinale acaba en fuego cruzado: dejemos que arda

Denuncian la «desproporcionalidad» de la actuación sobre los aficionados
