Fabian Buhl, alpinismoaren eta parapentearen ikur berezia
35 urteko alemanak bisita oparoa izan du Patagoniako ohiko denboraldian. Herron eta Egger erpinak lotzeaz gain, hegaldi bikainak egin ditu El Chalteneko ingurumarian dauden mendietan.

Fabian Buhlen izena ez da batere ezezaguna. Mendiko kiroletan jarduera interesgarriak egiten ikusi dugu oso gaztetatik. Boulderrean, adibidez, sona handia duen “Dreamtime” (8c) lortu zuen. Baina eskaladan izan zituen lesio ugarien ostean, erabaki irmoa hartu zuen; alpinismo teknikoaren aldeko apustu handia egin zuen hormatzarretan zein mendi zorrotzetan. Jarrera moldakor horrek eskalada arrakastatsuetan isla izan du.
Modu batera edo bestera esanda, Alex Huber zaintzaile izan zuen; hots, alpinismo teknikoaren “pozoia” sartu zion. Duela zortzi urte, elkarrekin Choktoi Ri mendiaren lehen igoera egin zuten hiru kilometroko ertz bati jarraituz. 35 urteko alemanak onartu zuenez, espedizio horrek zenbait planteamendu aldatzera bultzatu zuen. Argi izan zuen hortik aurrera alpinismoa izango zuela lehentasun, eta mendietan egoteko grina erabat bizkortu zen. Denbora asko eman zuen munduko hainbat mendilerrotan: Patagonian, Karakorumen… Horietako batetik itzultzean, lagun batek aholkatu zion parapentea probatzeko. Hasieran, hegaldi horiek egiteak ez omen zuen asko erakartzen, baina denboraren poderioz, oso dibertigarria zenez, sare horretan erori zen.
Harrezkeroztik, protagonista honek muga berriak bilatzen jardun du parapentea eta alpinismoa uztatuz. Jarrera horrek aukera anitz ekarri dizkio mendi handietan zein teknikoetan. Adibidez, 2020an, Cerro Torre eskalatu ondoren, gailur horretatik parapentearekin hegan egin zuen lehena izan zen. Alpinista batzuek parapentea tontorretik jauzi egiteko soilik erabiltzen duten bitartean, Buhlek mendietara hurbiltzeko ere hartzen du. Erabaki horrek, besteak beste, ingurumen-inpaktua gutxitu eta urrutiko lekuetan dauden mendietara heltzeko denbora murrizten du. Hitz gutxitan esanda, alemana parapentearen mugak hausten ari da eta alpinismoan “adar” berri bat indartzen.
Bilakaera horri dagokionez, Buhlek adierazi du hasieran parapentea jaitsieretan erabiltzen zuela, baina gerora haize egokia aprobetxatuz lurrean bertan hegala zabaltzen eta hegan irteten ikasi zuen. Cerro Torreko esperientziaren ondoren, argi izan zuen oraindik ordu asko eman behar zituela, hegaldia segurua izan zedin. Horregatik, bere buruari esan zion esku artean zituen helburuetarako gidari on bat bihurtu behar zela. Apustua ez zen batere samurra; bere xedea zen mendietara parapentearekin hurbiltzea, bide bat eskalatzea eta gailurretik hegan aterata kanpaleku nagusira edo herrira itzultzea.
Ia alpinista gehienek ez bezala, parapentea Buhlen garraiobide naturala da. Gaur egun, alpinismoaren adar horretan espezialista zailduenetakoa da, eta hori denek onartzen dute. Hots, Patagonian edo Pakistanen egin dituen konbinazio horietan aitzindaria da. Parapentearen hegala zabaltzeko haizea ondo irakurtzen duenez, horrek gaitasuna ematen dio ia edozein lekutan lur hartzeko. Txantxetan ala ez, alemanak esaten du helikoptero gisa erabiltzen duela, eta batez ere udaberrian helieskia egiteko aukera ematen diola, baina helikopteroa erabili gabe. Oinez egin ez daitezkeen jarduerak, parapentearekin konpontzen ditu. Eta horietako batzuk Pakistanen eta Estatu frantziarrean egin ditu.
Azken hilabeteotan, berriz, Buhl berriro Patagonian eskalatzen ikusi dugu eta parapentean hegaldi bikainak egiten. Nahiz eta inguru horretako klima oso zakarra den, alemana behin eta berriz itzultzen da. Onartu du hiru denboralditan soilik egun egoki bat izan zuela hegan egiteko. Halere, esan du merezi duela itxaronaldi luze horrek, besteak beste, jarduten den eremua ikaragarri ederra delako.
PATAGONIA
Azken bisitan, adibidez, lehen helburua eskalada bat izan zen. Pazientzia izan behar zuen lehen leiho on bat heltzeko. Urtarrileko lehen egunetan, Pedro eta Tomas Odell anaiekin eta Bauti Grogorinirekin batera, Herron eta Egger tontorrak lotu zituen.
Baina, jakina, Buhlek parapentearekin beste asmo batzuk zituen. Lehenik eta behin, konbinazio eder batean buru-belarri sartu zen Felix Sattelbergerrekin: Guillaumeteko orratza eskalatzea eta, ondoren, hegan egitea. Lerrootako protagonistak sare sozialetan aurreratu du erronka hori orain dela sei urte Cerro Torren izandako esperientziatik sortu zela: «Konbinazio hori klima aldetik munduko lekurik txarrenean egitea erakargarria iruditu zitzaidan. Jarduera horretan eskalada ez zen arazoa, baina parapentea era egokian erabili nahi baduzu eta eskaladara tresneria horrekin hurbildu nahi baduzu, ohartzen zara egoera nahastu egiten dela. 2023-24 denboraldian El Chalteneko baldintzen inguruan asko ikasi nuen. Eta aurten asmo horretan saiatzeko prest sentitu naiz. Zorionez, Felixek grina bera du parapentearekin. Oso ona da, eta seguru nengoen leiho on batekin aukera bikaina izango genuela konbinazio hori egiteko».
El Chalteneko Loma del Diablora joan ziren lagun batzuekin. Eskaladako tresneria eta hegal txikiak motxilan sartu, aireratu eta handik ordu erdira Guillaumet izeneko lepora iritsi ziren. Sattelbergerren lehen top-landinga izan zen. “Brenner” ibilbidean sartu eta Guillaumeteko gailurra zapaldu zuten. Buhlek onartu du lerroko artesiekin asko gozatu zutela: «Baina gure xede nagusia hegal txikiekin tontor horretatik salto egitea zen. Zoritxarrez, puntu garai horretan geundela haizeak indarra hartu zuen. 40 minutu frenetiko horietan hainbat saialdi egin genituen. Azkenean, une egokia aurkitu, hegan egin eta glaziarrean lur hartu genuen. Berriro parapentea paketatu, aireratu eta herrira iritsi ginen. Egin genuena barneratzea zaila egin zitzaigun. Bagenekin arrakasta izateko aukera genuela, baina izugarria izan zen den-dena ondo ateratzea. Konbinazio hauen eraginkortasunak txunditzen nau».
Hurrengo helburua Marmozeko erpinean izan zuen. Arnesean tresneria zintzilikatu eta orratzaren “Pilar Rojo” bidera abiatu zen lagun batzuekin. Alemanak onartu du splitter edo artesi garbi eta perfektu horiek eskalatzea ederra izan zela: «El Chalteneko ingurumarian dauden onenetarikoak dira. Gailurrean, zorionez, haizea nahiko bare zegoen. Aireratu eta El Chaltenera iristeko 400 metro falta zirenean arazo batzuk izan nituen. Halere, ez nuen ezustekorik izan. Egoera ez zen lasaia izan, baina nahiago dut hori bizitzea eta ez 28 kiloko motxila batekin irteera hori oinez egitea».
Buhlek azken jarduera bat egiteko aukera izan zuen. El Chalten herriaren gainean dagoen Rosadora abiatu zen kide batzuekin. Eskalatzeko tresneria eta denda gainean zeramatzan; gutxi gorabehera, hogei kilo. Garaiera handian ez zegoenez, kondizio egokiak iritsi zirenean aireratu zen. Loma de las Pizarrasetik hodei batzuen oinarrira abiatu zen, eta handik, Paso Superior delakora. Horren ondoren, glaziarraren gainetik hegan egin eta Paso Superiorren lurreratu zen. Ordubeteko hegaldia izan zen. Denda muntatu, gaua igaro eta biharamunean prest zegoen Fitz Royko edo Cerro Chalteneko “kaliforniarren” bidea eskalatzeko. Alabaina, azken momentuan sokakidea ezin izan zen bertaratu.
Egoera hori ikusita, soka eta motxila bat han bertan utzi, glaziarra zeharkatu eta Mermozeko oinarrira korrika bizian heldu zen. Alemanak bazekien sokada batek “Pilar Rojo” lerroa eskalatzeko asmoa zuela, eta justu-justu talde horrekin bat egin zuen. Ibilbide hori igo eta gero, rappelatu eta glaziarrera abiatu zen: «Baldintza hotzak izan nituen, baina merezi izan zuen. Hartutako erabakiarekin, alegia, kontzeptuarekin pozik nago; izan ere, ‘Pilar Rojo’-ren oinarrira heltzeko, soilik ordubete oinez egin nuen. Paso Superiorren hegala zabaldu eta 15 minutuan El Chaltenen nengoen».

Buscan testigos que pudieron ver a «Basajaun» con vida en Bilbo

Krisiaren ondorioz lur jota, «pagozelaia» astindu nahi dute

El negacionismo de la Berlinale acaba en fuego cruzado: dejemos que arda

Denuncian la «desproporcionalidad» de la actuación sobre los aficionados
