Irango lider berria aukeratzeko prozedura eta hautagaiak

Gerraren erdian, Irango Islamiar Errepublikak lider goren berria aukeratu beharko du, Estatu Batuek eta Israelek burututako eraso batean Ali Khamenei hil ostean. Khameneik 36 urte zeramatzan karguan eta bera ordezkatzeko zenbait faborito izan arren, ez dago hautagai argirik.
Lider gorena herrialdeko agintari politiko garrantzitsuena da. Bere eskumena da, herrialdeko Konstituzioaren arabera, Islamiar Errepublikako politika orokorrak definitzea eta goi kargudunak izendatzea, hala nola Indar Armatuen burua, Botere Judizialeko presidentea, telebista publikoko zuzendaria eta Iraultzaren Zaindarien burua.
Era berean, bere esku dago Zaindarien Kontseiluko kideen erdiak zuzenean aukeratzea. Beste erdiak Botere Judizialak hautatzen ditu; eta organo hau ere lider gorenak aukeratzen du.
NOLA HAUTATZEN DA?
Irango Konstituzioko 111. artikuluak ezartzen du Islamiar Errepublikako lider gorena «ahalik eta azkarren» izendatu behar duela Adituen Asanbladak, lau urtean behin boto bidez aukeratzen diren 88 elizgizonek osatuta dagoen organoak. 2024ko martxoan egin ziren azkenengoz hauteskundeak. Liderra aukeratzeko ordezkarien gehiengoak alde bozkatu behar du.
Lider berria aukeratu artean behin-behinean lidergoa bere gain hartuko duen batzordea eratu da, Masud Pezesh presidenteak, Botere Judizialaren buru Golamhosein Mohseni Eyei-k eta Iraultzaren Zaindarien kide Alireza Arafi aiatolak osatua.
Lider berria hautatu beharra behin baino ez da jazo, 1989an Ruhola Khomeini aiatola hil zenean, Islamiar Errepublikaren sortzaile eta lehen liderra. Orduan Khamenei hautatu zuten, hasieran faboritoa ez izan arren.
Orain ere ez dago faborito argirik, baina analistek zenbait izen jarri dituzte mahai gainean.
HAUTAGAIAK
Alireza Arafi behin-behineko batzordeko kidea da, eta gaur egun Islamiar Mintegiak Kudeatzeko Zentroko presidentea da, baita Zaindarien Kontseiluko kide eta Adituen Asanbladako bigarren presidenteordea ere.
Mohammad Mehdi Mirbageri ere izan daiteke lider berria. 65 urte ditu eta kleriko ultrakontserbadorea da.
53 urteko Hassan Khomeini da proposatu dituztenetako beste bat. Islamiar Errepublikaren fundatzailearen biloba da eta haren Mausoleoaren zaindaria. Moderatutzat daukate, eta herrialdearen irekiera kontrolatuaren aldeko adarreko politikariei bere babesa eman die.
Mojtaba Khamenei, 56 urtekoa, buruzagia zenaren semea da. Eragin politiko handia dauka, baita Guardia Iraultzailea bezalako erakundeetan ere. Hil berri den liderraren senide izateak ez dio mesederik egiten, ordea.

Buscan testigos que pudieron ver a «Basajaun» con vida en Bilbo

Krisiaren ondorioz lur jota, «pagozelaia» astindu nahi dute

El giro del PNV da aire al PSE y evita pedir responsabilidades al Estado
17 de marzo, huelga general
