«Lan-politika feministarantz» aurrera egiteko gida aurkeztu dute
Mugarik Gabek, REAS Euskadik eta Setem Hego Haizeak lan-ingurune bizigarrietarantz aurrera egiteko, hamar printzipio eta hogei akordio aurkeztu dituzte. Argitalpena hausnarketa kolektibo baten emaitza da, eta orain aliantzak ehuntzea dute helburu.

Ekonomia sozial eta solidarioaren arloko Mugarik Gabe, REAS Euskadi eta Setem Hego Haizea erakundeek «lan-politika feministarantz» aurrera egiteko gida aurkeztu dute; hamar printzipio eta hogei akordio jasotzen ditu. Argitalpen hori hiru erakundeek Elankidetzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzaz hausnarketa kolektiborako abian jarritako prozesuaren esparruan sortu da. Orain, aliantza bila dabiltza, lan-eredu bizigarrian sakontzen jarraitzeko asmoz.
Eskuliburuan, hamar printzipio azaltzen dira, eta iparrorratz gisa sortu dira, «sozialagoak, solidarioagoak eta feministagoak diren beste lan-politika horiek norantz joan behar diren zehazteko asmoz». Horretaz gain, etengabe eratzen ari den esparru orokorrago horri edukia ematea ere badute helburu. Bestetik, hogei akordioak abiapuntutzat jotzen dira, eta lan eremua zeharkatzen duten sei arlotan daude egituratuta: denbora, baldintza ekonomikoak, lanen antolaketa, gaitasunak sendotzeko prozesua, lantokiak eta nortasuna zein laneko giroa.
Hogei akordio horiek honako xede hau dute: «Ekoizpenerako zein ugalketarako orduak agerian jartzea, lanaldi laburragorantz eta ordutegi malgurantz aurrera egitea, aberastasunaren bidezko banaketa zein lan egikera kolektiboagoak bilatzea, pertsonen bizi-zikloko zenbait une integratzea, lantokietako baldintzak nahiz irisgarritasuna bermatzea, gatazken kudeaketa hobetzea edo, ahal dela, egindako lana aitortzea eta ospatzea, besteak beste».
Ekonomia sozial eta solidarioko hiru erakundeok prozesu horri ekin zioten, ikuspegi feministaren bidez euren lan-politikei buruzko hausnarketa pizteko asmoz, gaur egungo egitura sozialak «denera iristeko aukerarik ematen ez duela ageri-agerikoa» dela kontuan hartuta.
«Ezin dugu eredu ekonomikoa eraldatu, geure erakundeak eraldatzen ez baditugu. Erakunde bizigarrien eraketan sakontzen jarraitu nahi genuen eta nahi dugu, eta, horretarako, geure lan- politikei buruz hausnartu behar dugu», eman du aditzera REAS Euskadiko Silvia Pirisek.
Lan-politika feministaranzko eraketa kolektiboan jarraituko dute hurrengo hilabeteetan. «Eraketa kolektiborako gune berriak sortzen jarraitu nahi dugu, oraindik ere erantzun gabeko galdera asko ditugulako. Horrez gain, bide horretan dabiltzan edo aurrera egin duten beste batzuk aurkitu nahi ditugu, elkarrekin ikasi ahal izateko», adierazi du Mugarik Gabeko Maria Viaderok.

Buscan testigos que pudieron ver a «Basajaun» con vida en Bilbo

Krisiaren ondorioz lur jota, «pagozelaia» astindu nahi dute

El giro del PNV da aire al PSE y evita pedir responsabilidades al Estado
17 de marzo, huelga general
