Jakin-mina
Zerbait jakiteko gogo bizia dela dio hiztegiak jakin-mina. Niri euskarak dituen hitzen artean ederrenetariko bat iruditzen zait. Jakin-gose ere esaten omen diote eta, aldeak alde, kuriositate hitza ere sinonimo gisa erabil daiteke, jakin-nahi edo jakingura-rekin batera. Haurrak garenean, txalotu eta sustatu egiten da jakin-mina, jakintza berriak eskuratzeko eta ikasteko bidea horixe delako. Helduon artean ere badu funtzio hori; azken batean, ezagutza bera galderak egin eta haiek erantzuteko ahaleginetik sortzen baita, baina kutsu ezkorragoa hartu ohi du sarri, jakin-beharrarekin lotzen delako gehiago.
Mina, gosea... ez-jakite horrek sortzen duen sentsazio fisikoa irudikatzen laguntzen digu hitzak eta etorkizuna bera baldintzatu dezakeen albistearen zain egon denak jakin badaki ziurgabetasun horrek burua lotu eta urdaila tenkatu dezakeela, mina eragin, alegia.
Pasa den astean, 45 urteren ondoren, 1981eko otsailaren 23 hartan gertatu zenaren ingurukoak jendaurrean jarri zituen Gobernu espainolak. Luze eta zabal hitz egin da urte hauetan guztietan gertatutakoaz eta, beraz, xehetasunak bai, baina kontakizuna erabat eraldatuko duen daturik ez da ezagutu. Agian, nork bere txoko eta errealitatetik pentsatzen zuen hori baieztatu edota osatzeko aukera eskaini dute argitara atera direnek. Erabakiaren iragarpena egin zutenean, premiaz mintzatu ziren, bazela garaia nabarmendu zuten eta horretan, behinik behin, ez zuten gezurrik esan.
Agerian jarri dituztenek ezkutuan mantendu dituztenetan erreparatzera behartzen gaituzte nahitaez. Oraindik ere jakin-gosea eta horrekin mina eragiten duten sekretuak badirelako, patxada eragiteko beharrezkoak direnak. Atzo bertan herritarren ahotik entzun genituen, orain 50 urte, martxoaren 3an gertatutako hura hobeto marrazten laguntzen duten testigantza hainbat, baina badira oraindik esan, argitaratu eta onartu nahi ez direnak eta, zenbait kontu jakitea mingarria izan badaiteke ere, ez jakiteak mina eragiten du.

Buscan testigos que pudieron ver a «Basajaun» con vida en Bilbo

Krisiaren ondorioz lur jota, «pagozelaia» astindu nahi dute

El giro del PNV da aire al PSE y evita pedir responsabilidades al Estado
17 de marzo, huelga general
