Itziar AIZPURUA EGAÑA
Ezker abertzaleko militantea
GAURKOA

Arranguraz

Euskal Herriaren lur gozoetatik, amaren orubean aitarekin batera eraikitako etxearen leiho zabaletik; luzera bidalitako begirada lauso datorkidanean, negarraren atari gisa, eutsi ezinik, bizipenak arrapaladan, zuekin partekatzearen beharrak bultzatzen nau elkarrekin bide hau egiteko baimen eske.

Izenondo ugari ditugu hiztegian geuk eragindako mundu honetan bizitzen ari garen egoera azaltzeko. Hala ba, lagun edo pertsona bakoitzak geure nortasuna daukagu, ondo berezitua, eta horregatik gara bakarrak gure unibertsoan, klonatu gabeak, alegia. Beraz, multzoan bizi garenean, bata bestearen harremanean, trukatzen dugu norberaren unibertsoa, aberastasun oparoa sortuz; bizitzari amankomunean ekiten, eta, elkar elikatuz askatasuna harilkatzen dugu. Era honetara, gizartea bizirik dagoela esaten dugu.

Baina berezko gizakion jarduera ederra gaiztotu, okertu, aldrebestu egiten dugunean jasangaitz bilakatu arte, interes amankomunak alde batera uzten ditugunean norberarenen mende, orduan sortzen dira pertsonen sentimendu gaiztoenak, maltzurrenak, gordintasun paregabean bestelako egia bilakatuz; amets gaizto sinestezinak benetako egia bihurtu arte.

Hala doakio planeta urdinari, eta bertan bizi garen biztanle gehienoi, munduko %99ari dakigunez, hau da, oligarka inperialisten aberastasun egarri aseezinen mende gaudenoi. Beren arteko gerrak, mundua banatzeko asmoz sortuak, norgehiagoka hilgarrian, herrien eta herritarren bizitzaren aurka doaz; gure askatasun bidea betiko suntsitu nahian, pertsonak animalien antzera txikitzen, eliminatzen eguneroko normaltasunean; mundu guztiko mass-mediek espektakulu bihurtzen dituztelarik, geure etxetik sofan eserita filma ikus dezagun, lasaitasunez... «beste bat!» esanez.

Azken aurreko espektakuluak -azkenik ba ote dago?−, etxe bazterreko zokoraino heldu direnak, intentzio osoz, jakin dezagun munduan nork agintzen duen, eta zer egiteko gai diren beren esanetara jartzen ez denari. Adibide garbi eta beldurgarriak: Palestinako herria betiko suntsitzeko asmoz, aurrera daramaten genozidioa, egunero gauzatzen ari dena. Venezuelako herriari ehundik gora herritar hil ondoren, Nicolas Maduro presidentearen eta Cilia Flores emazte diputatuaren bahiketa eta kartzelatzea; petrolioa, bertako aberastasun handiena, lapurtuz, Venezuela baliabiderik gabe utzi nahian Trumpen gobernuaren mende.

Harropuzkeriatik asko daukate AEBko presidenteak, oligarkek, inperialista guztiek: mundua beren oinpean ala gerra zabaldu mundura; herriak eta pertsonak ezdeus gara, negoziorako ez bada. AEBko Trumpen lapurreta goseak ez du neurririk ezagutzen, eta agintzen duen krudelkeriak ere ez; Palestina adibide garbiena, eta Kuba, beti eskura zigortzeko, inoiz oinperatu gabea, tinko eusten diona Fidelen aginduari: «Eutsi eta garaitu» 67 urteko blokeoa; egun, ezagutzen dugun genozidio luzeena pairatzen ari dira Kubako herritarrak!

Kubak ez du petroliorik, ezta lurraren sabelean mineral berezirik ere, baina zerbait oso preziatuaren jabe da: munduko estatu potentzia handiari, AEBri, aurre egin diotela herritar xume, txiro, eta duinek, beren printzipioetan oinarritutako burujabetza, independentzia, eta komunismoa eraikiz; hortzekin ere defendatuz ama lurra. Horregatik munduko borrokalari, iraultzaile guztientzat eredu da Kuba; lehen, orain eta gero ere izango da.

Eta gu hemen, hainbat erakutsi eta eman zigun herriari lagundu nahirik zer egin dezakegun geure buruari galdezka... Ziur nago, ni bezala, samin handia jasotzen zaudeten askotxo 60ko hamarkadako gazteak zaretela. Izan ere, mundu zabalean, askatasunaren aldeko borrokan, Kubak ez du herririk utzi laguntasunik gabe; oraintsu, Maduro presidentearen defentsan Venezuelan, Trumpen tropek hildakoen artean 32 iraultzaile kubatar zeuden. Elkartasuna iraultzaren bihotza izanik, hor dugu AEBren arrazoia Kuba suntsitu eta birrintzeko. 1962tik hona horretan dabil errepublikano izan edota demokrata izan Ameriketako Estatu Batuetako Gobernua; erregimena, sistema, bera izanda, 13 presidente estatubatuar igaro dira, Trump barne dela, Kuba mapatik desagerrarazteko lanean.

Ipar Amerikari buruzko gogoeta ezin dut bere horretan utzi Europara, gure «mundura», begiratu gabe, guztia loturik eta nahasirik baitago. Hirugarren Mundu Gerraren zantzuak aspalditxo hasiak baziren ere, egun hauetan jasotzen ari gara ofizialtasunaren arrasto handiak AEBren eta Israelen eskutik; beraz, ezin gara geratu etxean sarturik «poeta» hura bezala, kontuak gurekin zerikusirik izango ez balu legez. Hor dago NATO, AEBren mende dagoena, eta, hor dabiltza agintariak arrapaladan, armak eta tropak ezinbestekotzat joz, beren arteko bilerak ugarituz, inguru guztia astinduz, bai eta gazteak dituzten familiak eta geure memoriak ere.

Aurten, martxoaren 12an, beteko ditugu 40 urte Euskal Herriak NATOri erreferendum bitartez ezetza eman zionetik, 1986an. Orduan, sekulako iskanbila izan zen PSOE «de entrada no» esatetik «no salir» esatera igaro zenean, eta Euskal Herriak garbi erantzun zion: gure buruaren jabe nahi genuela izan, eta NATOk ez zigula hain zuzen hori bermatzen, debekatzen baizik, lotuagoak geratzen ginela, alegia.

Eta, sakoneko arrazoiekin genbiltzan: Bigarren Mundu Gerratearen ondoren, nazioarteko egoera berriari erantzuteko, inperialismoak, kapitalismo multinazionalen ideologiak, estrategia berri bat gauzatu zuen sozialismoaren eta munduko mugimendu askatzaileen aurka. Estrategia horren fruitua arlo militarrean NATOren sorrera izan zen 1949an, estatubatuar inperialismo ekonomiko, politiko eta militarrari mendekotasuna zor diona.

Hain zuzen, hori berresten du itunaren 2. artikuluak: «Nazioarteko politika ekonomikoei oztopo egiten dieten oposizio guztiak desagerrarazten saiatuko dira sinatzaileak». Barruko etsaia identifikatzea eta deuseztatzea da NATOren funtzio garrantzitsuenetakoa.

Beraz, Euskal Herriaren subiranotasuna gure helburu nagusia bazen, NATOri ezetz borobilena eman behar genion. Eta horrela egin genuen. Esan beharra daukat, ezker abertzalea blokeen politikaren aurka jarri zela, lerrokatu gabeko munduko herrialdeekin bat eginik, gerraren aurka eta bakearen alde, horrela soilik eraiki dezakegulako etorkizuna subiranotasunean oinarrituta, herrien elkartasunaren bidez, nazioarteko ordena berri baten alde.

Eta, orain ere, hori da gure irtenbidea herri independente eta sozialista izan nahi badugu, eta, nola ez, elkartasuna adierazi nahi badiegu gogorki kolpatuak izaten ari diren Palestinari, Venezuelari, Kubari, Irani... eta beste hainbat herrialderi: gerrari, NATOri, eta armamentuen negozioari ez! Euskal Herriari eta herrien Europari bai!