Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Argazki grisaxka

Ama, ama, hamaika ikusteko gara! Neguan eta euria! Klima zoroa! Eskerrak antxoa bueltatu zaigula kostara, tradizioa mantenduz, momentuz. Aste korapilatsua izan dut eta halakoetan ohikoa dudanez oso arin eman diot begirada neure prentsari. Hortaz, litekeena da albisteak nahastu izana. Horra, zinema sari-banaketa izan da oraintsu, eta sari bat Muskizko biztanleek jaso ei dute; ez, ez da efektu bereziena! Erreala oso, zinez benetakoa, findegi horren ondoan bizi behar duten biztanleak. Herri hori dugu gure petro-aberriaren argazki grisaxka, ahaztua handik kanpo. Koplariak bota legez: «Ez gara hain onak benetan», gure apustu teorikoak praktikaren egutegian ipintzean behinik behin.

Total, bentzenoa jalgi hadi Muskizeko mundura! Bestelako pandemia. Eta agintariek (ofiziozkoak dauzkat gogoan) orduko aire datuetatik ihesi eta ixo! Isiltasun pandemia. Zertarako herrikoak kezkarazi laster batean normaltasunera bueltatuko bagara! Hala bada, hala biz, eta hala ez bada, ora pro nobis. Eta bentzeno kolpea berriro airera, agintarien usteak ustel utzita. Orduan abisua, orduan kezka zabaldu herriko lau haizeetara. Gardentasun iluna! eta berantiarra! Bentzeno gizajoa, txertoak beste, agintari horien aitzakia! Txarrena da aurreko normaltasuna normaltzat hartzea, eta hara bueltatzea, helburu. Gruyer efektua izan da asteon aipatua, politika-geruza desberdinetako hutsuneak lerrokatzen direnean sortzen den zulo-bide jarraitua izendatzeko. Polita, alegoria.

Eta hutsuneak lerrokatzen ari ere geoestrategia ei den eremu horretan. Han-hor. Gerra pandemia. Buru nuklearrak erasoan nahierara. Ekialdeko gaizkiaren ardatza desegingo balute ere, mendebaleko gaizkiaren ardatza betikotzeko arriskuan gara. Buru argiagoak behar dira aire eremua garbi mantentzeko. Han-hemen. Klimax zoroa!