Bide berean sakontzeko arrazoiak
Ipar Euskal Herriko 11 udalerrik herriko bozen bigarren itzulia izan zuten atzo. Gutxi izan arren, ez ziren edozein, tartean baitzeuden Baiona eta Biarritz bezalako hiri garrantzitsuak. Gaurtik aurrera analisi sakonagoak egin ahalko badira ere, lehenengo begirada batean, hautetsontziek sorpresa gutxi utzi zituztela esan daiteke, lehenengo itzulian lehen postua lortu zutenek berretsi baitzuten atzo garaipena, baita lehia estua zuen Biarritzen ere. Aliantzak tarteko, Serge Blanco errugbilari ohia duela astebete baino errazago gailendu zitzaion Maider Arosteguy egungo alkateari.
Baionan, era berean, Jean-Rene Etchegarayk estutasunik gabe irabazi zion ezkerreko abertzaleek sostengatu eta sustatutako Jean-Claude Iriarteren hautagaitzari. Henry Etchetorekin landutako batasunak ez zuen lortu eskuina Baionako herriko etxetik mugitzea 60 urte eta gero, baina bidea erakutsi du, ezkerra inoiz ez baita hain urruti iritsi azken hamarkadetan. Etchegarayk eskuin muturraren hautesleen babesa eskatzera behartuta ikusi zuen bere burua. Hori bai, lehen itzulian baino boto gutxiago lortu arren, lehen aldiz sartu zen eskuin muturra Baionako herriko etxean. Hortxe, agian, atzo gaueko albiste ilunena. Gisa horretan, orain oreka berriekin osatu beharko den Euskal Elkargoan eserlekua lortu zuten ultrek. Bertan egongo da ere Kanbon erraz irabazi zuen Peio Etxeleku jeltzalea. Erakundea gidatzeko bidea, ordea, zaildu egin zaio.
Bestalde, ezkerreko abertzaleek Bokalen hartu zuten poz handiena, Mathieu Hornek aise irabazi baitzuen. Urruñan, ordea, Filipe Aramendik ez zuen alkate makilari eusterik izan. Espektatibak espektatiba, edonola, badira ilusioari eta azken urteetan ekindako bideari gogoz eusteko arrazoiak. Lehenik eta behin, lehen itzuliko emaitzak oso onak izan zirelako, eta Donibane Lohizune eta Hendaia bezalako tokietan, arrakasta bigarren itzulian egotea izan delako. Bestetik, ia herri guztietan lortu dutelako bigarren itzulian boto kopuruetan igotzea, sabaia oraindik ukitzeko duten seinale. Lurraldeari eta jendeari lotutako eguneroko lan militantearekin, batetik, eta aliantza politika anitz eta inteligenteekin, bestetik, ezkerreko abertzaleek Ipar Euskal Herriko mapa politikoa goitik behera eraldatzen jarraitzeko bidea irekita dute.

«Oso ordenatua izan naiz beti eta hori izan da nire gaitasun nabarmenena»

Vuelco en la Ertzaintza: Euspel gana y rompe con 20 años de hegemonía

EH Bai destaca el notable aumento de alcaldías abertzales de izquierda

«Aroztegiaren borroka irabazita alferrik da literaturatik jarraitzea»
