Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Lekuko gara

Saiatu dira hedabideetan eta sare sozialetan. Tematu dira, baina huts egin dute. Gezur eta manipulazioek ezin izan dute argazkia desitxuratu eta lausotu den bakarra gure begiak dira, eskuz esku igarotzen den lekukoaren ibilbidean sortzen diren emozio negarren ondorioz.

“Argia” aldizkariak plazaratutako ikerketaren harira Korrikaren antolatzaileek CCOO sindikatuarekiko hartutako erabakiak euskarari mesede egin ordez Korrikaren inguruan zegoen adostasuna hautsi duela leporatu diote AEKri zenbait ahotsek. Ez legoke txarto gogoratzea ustezko adostasun hori ez dela historia hurbilean gertatu, eta horren lekuko gara. Ez da sortutako polemika antzua euskarari min ematen diona, sindikatu honek eta langileen beste ordezkari batzuek diglosia egoeran bizi den hizkuntza gutxitu batekiko darabilten politika baizik.

Egia izanda ere administraziora sartzeko prozesuak berdintasun irizpideen arabera arautu behar direla, enplegu publiko bat eskuratzea ez da eskubide bat, bai ordea herritarrek administrazioan euren hizkuntzan artatuak izateko dutena. Eta eskubidea ere bada bizitza duin bat izatea, bai eta hori ahalbidetuko duen gutxieneko soldata egokia jasotzea ere, eta aldarrikapen horretan, Korrikan lez, nabarmena da sindikatu horren absentzia.