Iñigo SANTXO, Joxean LOZANO, Jasone RODRIGUEZ eta Jon PELAEZ
Gaurko abokatuak, OK abokatu bulegoa
KOLABORAZIOA

Grebaren eguneko soldatak, Kubara!

Martxoaren 17a greba eguna izan genuen Euskal Herrian, gure herrian erabakitzeko dugun eskubidearen alde. Egun indartsua izan zen; kale zein lantokietan nabaria izan zen jendearen konpromisoa eta elkartasuna. Ildo horretan bihoazkie, lehenbizi, gure zorionak sindikatu deitzaileei bide hori zabaltzeagatik.

Gure bulegoan, Gaurko Abokatuak-en, grebaren aldeko jarrera hartu genuen, deialdiarekin bat etorrita, itxiera patronala eginez. Greba egin eta manifestaziora joateaz gain, hala ere, pausu bat gehiago eman nahi genuen, egun horretako soldatari zentzu berezia emango ziona.

Denon artean adostu genuen egun horretako lansariak helburu solidario batera bideratzea, eta, hala, Euskadi-Cuba elkartearen “Argia eta indarra Kubarentzat” kanpainaren bitartez, Kubako herriari laguntzea. Badakigu kubatarrek oso une zailak bizi dituztela, eta guk, ahal dugun neurrian, ekarpen txiki bat egin nahi diegu.

Grebaren aurrean kasuistika zinez zabala dago; herritar ugarik greba egin bagenuen ere, beste askok ezin izan zuten gauzatu, zenbait enpresariren jarreraren beldurrez edo, kontrara, gutxieneko zerbitzuak bete behar izan zituztelako. Era berean, enpresari jator askok ere itxiera patronala egin zuen. Bada, egoera horietarako guztietarako baliagarria eta bideragarria da guk abian jarriko dugun ekimena.

Kubako herriak energia behar du, eta Euskadi-Cuba elkartearen bidez bada greba eguneko lansari horiekin eguzki plakak erosi eta hara bidaltzen laguntzeko aukera. Horretarako, Laboral Kutxan duten ES35 3035 0134 43 1340059271 kontu korrontearen bidez, edo Bizumen 04713 kodea erabiliz, ekarpen ekonomikoa egingo dugu. Beharrezkoa da egunero eguzkia ikusten duten irla horretan, neurri txikian bada ere, geure argia eta beroa senti dezaten.

Abokatutza ez da ogibide neutroa, eta, horregatik, partzialak eta konprometituak garela esaten dugu askotan. Ondo dakigu herri txiki eta solidario batean bizi eta lan egiten dugula; horregatik saiatzen gara zuzenbidea baliatzen, eskubideak murriztuta dituztenen alde egiteko. Hortaz, munduak bizi duen testuinguru historikoan, bistan da ez dagoela Kubako herriaren alde lerratzea baino.

Ekimen honen gainean ingurukoen iritzi ona jasota, eskutitz honen bitartez animatu gara ideia publiko egin eta zabaltzera, grebaren ekimena baliatuz, eta kostako herria izanik, ea gai garen Kubaren aldeko elkartasun olatua −edo tsunamia− eratzeko.

Keinu txikiek indar handia izaten dute, eta gure soldatak Kubara bidaltzea M-17ko grebari amaiera aparta emateko aukera izan daiteke. Beste mundu batean sinesten dugulako.

Diren artistarik onenei kasu eginez: sentitu, pentsatu, eta ekin, denok elkarrekin!