Gonzalez-Etxabarri eta Amatriain, txapeldun

Euskal surfak bere maila ona erakutsi zion igandean berriro ere munduari. Nadia Erostarbek mundu mailako zirkuitu gorenean (CT) parte hartzeko lortu berri duen txartelari Janire Gonzalez-Etxabarrik eta Adur Amatriainek eskuratutako Europako titulu bikoitza gehitu behar zaio, Taghazout-en, Marokoko kostalde atlantikoan, Agadirren iparraldean, zirkuituko azken hitzorduan gailenduta.
«Oso pozik nago garaipen honekin», aitortu zuen Gonzalez-Etxabarrik. «Belauneko lesio batetik etorrita, ezin izan nintzen iazko azken bi Challenger Series-eko ekitaldietan lehiatu; beraz, hona etorri, ekitaldia irabazi eta titulua lortzea sinestezina da».
Hamasei onenen artean lehiatzen hasi zen, eta bere txandako onena izan zen. Bertan, Sarah Leiceaga Iparraldeko surflaria eta Tiara Van del Huls herbeheretarra kanporatuak izan ziren. Basque Teameko bekadunarekin batera Ariane Ochoa bizkaitarra igaro zen final laurdenetara.
Hurrengo kanporaketan bi kirolariren artean jokatu ziren norgehiagokak, eta bere seriean Janirek, 14,56ko puntuazioarekin, 12,76 puntu eskuratu zituen Naïa Monte frantziarra menderatu zuen. Finalerdian Maelys Jouault frantziarraren aurka jokatu zuen, eta 11,10eko emaitzarekin gailendu zitzaion (8,07). Finalean 8,00 puntuko olatu bati eta 6,83ko beste bati esker eskuratu zuen garaikurra, eta ez zion aukerarik eman 7,00ko eta 4,33ko olatuak hartu zituen Bartoni.
AMATRIAIN, BIKAIN
Adur Amatriain 64 onenen kanporaketan lehiatzen hasi zen, Hans Odriozolaren atzetik eta Ruben Vitoria zarauztarraren eta Christian Venter hegoafrikarraren aurretik bukatzeko. 32 onenen artekoan, berriz, Amatriain izan zen liderra, Luke Van Wyk hegoafrikarrari, Leo Paul Etienne frantziarrari eta Andy Criere donostiarrari gailenduta.
Hamasei onenen txandan nagusi izan zen berriro, Markel Vizcarguenagaren, Guilherme Ribeiro portugaldarraren eta Charly Quivront frantziarraren aurka. Final laurdenetan 14,84ko emaitzarekin irabazi zion Adin Masencamp hegoafrikarrari (5,66). Finalerdietan zarauztarrak (13,50) Justin Becret frantziarra gainditu zuen (12,96) eta finalean (13,40) Conor Donegan menderatu zuen (12,10).
Yago Dominguezen hirugarren postua eta Markel Vizcarguenagaren, Ariane Ochoaren eta Keoni Lasaren bosgarren postuak ere nabarmendu behar dira. Zarauztarra Challenger Seriesetan sartzeko txanda batera geratu zen, baina Dominguezek eta Ochoak sailkapena lortu zuten.

«La capacidad de respuesta de Irán ha sorprendido a todo el mundo»

En Euskal Herria cada vez es más fácil contagiarse de ITS

Ejemplo de la traslación del eje del país

«Etor dakigukeen ezgaitasun baterako tresnak prest izatea komeni da»
