Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Kalabazak

Ahozkotasuna gara» aldarrikapenarekin amaitu zuen Kike Amonarrizek Urrezko Kalabaza jasotzearen eskertza. Urtero bezala, Euskal Kontalarien Topaketan hiru urrezko kalabaza banatu dira. Bata, ahozkotasunari ekarpena egin dion pertsona edo erakunde bati; horregatik izan da saritua Kike Amonarriz. Beste bat, kontalari bati bere ibilbidean euskal kontalaritzari egindako ekarpenagatik; aurten Doro Zobaran kontalariak jaso du. Azken Urrezko Kalabaza, pertsona edo erakunde bati kontalaritzari egindako ekarpenagatik eskaintzen zaio, aurten “Hala Bazan” egitasmoagatik NAIZ Irratiak jaso duena.

Sari hauek zabalkunde eskasarekin pasatzen badira ere, euskal kontalaritzarentzat nahikoa garrantzitsuak dira; izan ere, ipuin kontalarien lana aitortzeaz gain, kontalaritza, eta ahozkotasuna orokorrean, gure ofizioaz haratago badoala aitortzea delako. Ikerlariak, biltzaileak, literatura idatzian ahozkoaren itzala jasotzen duten idazleak, eragileak, ahozkotasunaren adar desberdinak lantzen dituztenak... guztiak ditugu euskal kontalaritzaren lurraldeko biztanleak. Amonarrizek esan zuen bizitzan jasotako kalabaza guztietatik hau izan zela poztasun handia eman dion bakarra. Euskal kontalaritza ere urrezko kalabazak jasotzeko premian dago, gu ere bagara eta.