Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
BAIT

Entretenimenduaren industriaren satira

Beti egon da eztabaida handia James Bond agentearen castingaren inguruan, hautagaiak bete beharreko irizpideen harira. Arketipo oso itxia izan da historian zehar -gizona, britainiarra, zuria- eta sarri zalantzan jarri da. Audientziaren zati batek maiz proposatu du pertsonaia emakume batek edo gizon arrazializatu batek interpretatzea.

Bada, casting mediatiko horri buruzko zalaparta da, hain zuzen, “Bait” telesailaren abiapuntua. Riz Ahmed, Shah Latifen azalean sartzen da. Aktore ingeles-pakistandarra da eta ez du zorte handirik izan bere ibilbidean, baina casting batek dena alda dezake: Shah, James Bonden bertsio berria gorpuzteko hautagaietako bat da. Hautaketa prozesutik irteten ari dela, paparazzi batek egindako argazkiak ezustekoak ekarriko ditu, eta kontakizunaren bideak bihurritu egingo dira.

Abiapuntu sinple horretatik eta ukitu satiriko-komikoa besarkatuz, telesailak kultura-pertenentzia, hedabideen irudikapenaren presioa eta norberaren nortasuna galdu gabe egokitzeari dagozkion barne-kontraesanak bezalako gaiak jorratzen ditu. Era berean, entretenimenduaren industriaren satira bezala ere funtzionatzen du.

Komedia beltzaren, drama psikologikoaren, satiraren, absurdoaren eta surrealismoaren arteko zubi sendo bat eraikiko du telesailak. Ikuspegi hibrido horrek aukera emango dio gai trinkoei heltzeko narrazioaren dinamismoa galdu gabe. Gaiak ez dira berriak, baina forma nahiko berritzailea da. Estilo bisual eta narratiboak ezegonkortasun sentsazioa indartzen du. Kamera eskuan, angelu handiak eta sekuentzia onirikoak erabiltzeak, tentsio konstanteko atmosfera sortzen laguntzen du.

Azken ataletan indar eta originaltasun pixka bat galdu arren, “Bait” gaur egun egiten diren telesail gehientsuenen artetik nabarmentzen da.