Aitziber Pz.KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

85 segundo

Laurogeita bost segundotan lau kontraesan bota ditu presidenteak». Hauxe irakurri dut Washingtonen ari den europar korrespontsal baten kronikan. Asko dira Trumpen asteotako adierazpen kontrajarriak, Irani egindako erasoa edo Israel Libanon egiten ari dena txantxetan hartzeko kontuak balira bezala.

Kontraesana ere bada, ilargiaren alde ezkutua ezagutzera bidalitako espedizioa AEBko zientziaren lorpen handitzat jo den egunotan, herrialde bereko lehendakariak bere burua Jesu Kristoren figurarekin konparatzea, besteen gainetik den erlijioaren defendatzaile sutsu Netanyahuk bere odol sarraskiekin segitzen duen bitartean.

Laurogeita bost segundo dira apokalipsitik banatzen gaituztenak. 1945. urtean asmatutako munduaren amaieraren erloju sinbolikoaren orratzak gauerditik inoiz baino gertuago daude. Einstein, Oppenheimer eta Chicagoko Unibertsitateko beste zenbait zientzialarik abiatutako erlojuaren tradizioari jarraitu diotenek, mundu mailako desastrea gauzatzeko inoiz baino arrisku handiagoa dugula baieztatu dute eta urteroko txostenean jasotzen denez, kontrolik gabeko adimen artifiziala, aldaketa klimatikoa eta arma nuklearren gorakada dira arrazoi nagusiak. Eta honetan erabateko ardura duten bi autokrata ultraerlijiosoak ezin ditugu brometan bi ero huts balira bezala hartu.