Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Ezagutzen ninduen!

Ez da aski Instagrameko kontua atenditzea. Ez. Eduki erakargarriak eta gustagarriak sortu behar dituzu; autobus ilaran aurretik duzun adin ertaineko emakume honek eskuetan duen mobilean 30 segundo baino gehiago irauteko balentria lortuko dutenak. Ez da erronka makala, lehenik eta behin, ordu horretan, mundu osoan plazaratu diren ehunka milaka antzeko edukien artean, zurea aukeratu beharko du algoritmoren edo AAren batek; emakumearen gustuak berak baino hobeto ezagutzen dituen baten batek. Alferrik zabiltza ez badakizu nola limurtu, ez dakit nola izendatu... «Trastu»? «Izate»? «Izaki»?... Horietakoren bat. Bai, ados, beti dago musikaren negozioan oso ongi funtzionatu duen teknika bat: arrakastarako bidean mugazain izango direnen sakelak sosarekin samurtzea. Hori lortuta, ez goaz inora ilarako emakumeak ez badu bideoa, demagun, Whatsapp-en partekatzen. Efektu biderkatzaile hori gabe nekez iritsiko zara zeure burua ikusarazteko lasterketaren hurrengo etapara: munduak badaki nor zaren, orain, zer egiten duzun erakutsi behar. Zauden lekuan ahalik eta denbora gehien irauteko borroka hasi da... «Baina zer erretolika da hau Morau?», esan dit orduan emakumeak nire hausnarketa etenda. «Zu adin ertaina luzez gainditu duzun kantautore bat zara eta!». Ilusioa egin dit.