Irakurzaletasuna sustatzeko erronka
Hiru urte eta erdiz Lizarraldeko bibliobusak eskualdeko herri txikiak ibili ditu liburuak banatzen. Hasi zenetik, zerbitzu hori erabiltzen duten herrien eta, beraz, herritarren kopurua emendatu egin da. Horrenbestez, kultura eskaintzen jarraitzeko asmoa du, erabiltzaileek ikas eta goza dezaten ez ezik, elkarrekin hitz egin dezaten ere. Izan ere, bibliobusaren geldialdiak bizilagunen topagune bihurtzen dira. Liburuak hartu nahiz itzultzera hurbiltzen direnean, euren arteko solasaldirako baliatzen dute furgonetaren bisita. Generoei dagokienez, eleberria da gehien eskatzen dutena, baina ezagutza zehatzetako lanak ere eskatzen dituzte, irakurtzeak, literaturak, eskaintzen dituen askotariko aukeren jakitun.
Lizarraldeko liburutegi ibiltari hori literaturaren bertuteen erakusgarri bat da. Gaur, Liburuaren Nazioarteko Eguna, irakurzaletasunaren garrantzia nabarmentzeko data izango da, urtero bezala; hala ere, egun bateko ospakizunaren eta egin beharreko gomendioetatik harago, erronka bat gogorarazteko eguna ere bada; izan ere, benetako erronka da irakurzaletasuna sustatzea, ohiko jardun gisa. Erronka da, ez baita kasualitate hutsa gaur egun elite teknologiko-finantzarioek botere ikaragarria duten mundu honetan sustatutako irakurzaletasun mota, literaturarekin zerikusirik ez duena, hala nola sare sozialetako mezuak, irakurtzen errazak baina gehienetan inkoherente, alienagarri eta oso maiz, argudiorik ezean, iraingarriak. Hala, testuinguru horretan, erronka nabarmena da irakurzaletasuna sustatzea.
Jakinekoa da ezberdintasun handienak dauden gizarteetan hezkuntza alferrikako inbertsiotzat jotzen dela, eta munduan, oro har, gizon-emakumeen arteko ezberdintasunak areagotzen ari diren honetan, are argiago ageri da literaturaren beharra eta haren izaera eraldatzailea, errealitatea zalantzan jartzeko lagungarria den aldetik. Zalantzarik gabe, garrantzitsua da irakurtzea, ezagutzak eskuratzeko, baina baita pentsamendu kritikoa garatzeko ere; eztabaidetan argudiatzeko eta bestearen argudioa ulertzeko; norberaren mundu ikuskera osatzeko... eta ondo pasatzeko.

Icono de una época, profesor y pensador abertzale de izquierdas

«Kixkur», presoen itxaropenen eta ezkutuko herriaren idazle

Un tuit «indecente» del PSE dinamita la reunión entre Esteban y Andueza

Maialen Beloki, nueva directora de Zinemaldia a partir de 2027
