Lehena baino «ilunago», baina «eguzkitsu» heldu da Pisooren bigarren diskoa
Pisoo rap kantariak otsailean argitaratu zuen “Enekin ditut” diskoa. Bihar aurkeztuko du jendaurrean, Hondarribiko Psilocybenea aretoan. Ipar Euskal Herriko rap eszena garatzen ari dela nabari du, eta ausartzen ez diren horientzako erreferenteak sortzea garrantzitsua iruditzen zaio.

2024an argitaratu zuen Pisook “Nahi nuke” diskoa. Bada, bi urteren ondotik, bigarrena kaleratu du jada: “Enekin ditut”. Otsailaren 20an publikatu zuen, eta biharko lehen emanaldirako prestatzen dabil orain. Alta, bi urteko tartea bakarrik baldin badago ere, zenbait berritasunekin heldu da azkenekoa. Hain justu, melodiei garrantzi handia eman die, eta lehenengotik «anitz» aldatu direla iruditzen zaio. Kantuak sortzeko lehenik melodiak bilatu ditu, eta ondotik gehitu dizkio hitzak; ez alderantziz. Gainera, DJ Wallekin elkarlanean egin ditu instrumentalak, eta “Nahi nuke” diskokoak baino «ilunagoak» direla zehaztu du.
Bigarren album honetan hainbat estilo uztartu ditu. Besteak beste, rhythm and bluesa aipatu du, baita trapa ere: «Anitz maite dut trapa, base lodiak direnean». Dena den, «alaitasuna» eta «besta giroa» oinarri dituzten zenbait pieza ere ekoitzi ditu. «Melodia eguzkitsuak dira, hala ere».
EUSKARAZ ETA EUSKARARI BURUZ
Pisoo izeneko artistaren gibelean Euken Olhasso gaztea dago, gaztetxoagotan, estilo horretako abestiak entzutearen eraginez, rapa egiten hasi zena. Haatik, ezagutzen zituen kantuak frantsesezkoak ziren, eta, eredu horri jarraikiz, berak ere hizkuntza horretan ekin zion idazteari. Lizeora heltzean hasi zen euskarazko rapera hurbiltzen: «OPH topatu nuen, biziki lagun egin ginen, eta berarekin hasi nintzen euskaraz idazten eta ene euskalkian errimekin jostatzen». Lizeoa bukatu ostean ere ohitura horrekin jarraitu du; bere ama hizkuntza izanik, bere mintzairan «maite duen musika» sortu nahi baitu. Hala, egun biak erabiltzen ditu bere lanetan: «Nahi badut euskaraz egin, egiten dut; nahi badut frantsesez egin, egiten dut».
Kantatzeko hizkuntza soilik ez, bere hitzetako gai nagusietako bat ere bada: “Zabaltzen” kantuan euskara eta euskal kultura ditu hizpide. Gazte batzuek albuma entzunen dutela jakinik, garrantzitsua iruditzen zaio euskararen zabalpenaren eta erabilpenaren aldeko mezua helaraztea. Zernahi gisaz, beste gai anitz ere jorratzen ditu: «Maitasuna, sentimenduak emozioak... Eguneroko gai bat delako maitasuna. Besta giroa ere, dantza...».
Bi hil iragan dira lana argitara atera zuenetik; eta harrera ona izan du, jendea «pozik» dela ziurtatu du. Entzuleek ere lehen diskotik bigarrenera aldaketa izan dela nabaritu dute, baina, hala eta guztiz ere, «iritzi bikainak» dituzte. «Plazer egiten du», onartu du Pisook.
Bihar, hilaren 25ean, aurkeztuko du albuma lehenengoz jendaurrean. Preseski, Hondarribiko Psilocybenea aretoan du hitzordua, Ødeirekin eta Hok Ttuk Amalau eta Txekoslobakorekin batera. 21.00etan hasiko da kontzertua, eta sarrerak salgai dira Musikazeren webgunean, zortzi euroan.
ERREFERENTEAK SORTZEN
Ez da, baina, Hego Euskal Herrian kantatuko duen lehen aldia izanen. Erraterako, Gipuzkoan izana da jada, Seguran eta Usurbilen abestu du; eta aitortu du nahiago duela «Hegoaldeko giroa».
Justuki, publikoa ezberdina dela sumatu du: «Sentitu dut zinez kontzertua ikustera etortzen zela, zinez plazer hartzen zuela, entzuten zuela, giroan zela; eta Iparraldean, ene ustez, pixka bat gutiago, pasiboago sentitzen dut».
Bi asteko tartean bi rap album eman zituen Ipar Euskal Herriak. Hain zuzen, martxoaren 7an Hendaian eginiko jaialdian eman zuen ezagutzera RTZk “Eden” diskoa. Gauzak horrela, Ipar Euskal Herriko rap eszena «garatzen» ari dela iritzi dio Pisook, baina hutsunea non den ere argi du: «Pentsatzen dut gazte batzuk ez direla ausartzen idazten hastera, lagunekin konposatzera». Ipar Euskal Herrian «ez dira hamar [rap] talde», hortaz, hori bultzatzea ezinbestekoa iruditzen zaio.
Norabide horretan, “Enekin ditut” entzuten duenari zera nahi dio transmititu: «Pisook hori atera badu, nik zergatik ez dut egiten ahal?». Zalantzakor diren gazteei beren buruarengan konfiantza izateko erran die.

«La capacidad de respuesta de Irán ha sorprendido a todo el mundo»

En Euskal Herria cada vez es más fácil contagiarse de ITS

Ejemplo de la traslación del eje del país

«Etor dakigukeen ezgaitasun baterako tresnak prest izatea komeni da»
