Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Iraungitze data (eta II)

Batzuek begi onez ikusten zuten behin preso izandakoa bizi osorako markatuta egotea, dela erlijioari loturiko arrazoiengatik (eragindako kaltearen penitentzia gisa) dela haren biktima izan arren sistemarekin ados zaudelako.

Azken jarrera horrek bat baino gehiago harrituko du agian, baina baziren ikasleen artean, gutxiengo bat izan arren, kartzela beharrezkotzat jo ez ezik, zigor gogorragoen beharra ere ikusten zutenak, hori bai, dokumenturik gabeko etorkinei zegokienez. Beste datu bat: gutxiengo horren gehiengoa beltzak eta mexikar jatorrikoak ziren, AEBko espetxe populazioaren gehiengoa osatzen duten taldekoak alegia. Behin aske geratuta bozkatzeko aukera izanez gero, Trumpen alde egingo zutela esaten zuten. Zalantzarik ez dut ilehoria bigarren aldiz presidentetzara eraman dutenen artean daudela ikasle ohi haiek.

Gehiengoak, ordea, kartzelan igarotako denbora hasi eta amaitu egiten den bezala, preso izendapenak ere iraungitze data bat izan beharko lukeela esaten zuen. Ez ziren asko presondegi sistema industrialari berari amaiera opa ziotenak, ordea; erreforma sakonak beharrezkotzat jo arren, kartzelaren deuseztapena neurri erradikalegia zen gehienentzat.

Hala ere, datu horrek heziketa humanistikoaren beharra, kartzela barruan zein kanpoan, azpimarratu besterik ez zuen egiten geuretzat.