Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
MARGO’S GOT MONEY TROUBLES (MARGO TIENE PROBLEMAS DE DINERO)

Oreka ezinezko baten bila

Telesailak Margo izeneko unibertsitateko ikasle gaztearen istorioa kontatzen du. Idazle bikaina da, eta bere talentuak irakasle baten arreta bereganatuko du. Hasierako topaketa akademikoen ondoren, bien artean harreman estuagoa sortuko da, eta harreman sexual sutsu batean murgilduko dira. Ezustean, Margo haurdun geratuko da, eta egoera horri bakarrik egin beharko dio aurre.

Haurra jaio eta hilabete gutxira, bere aita, Jinx (Offerman), berriro agertuko da, denboraldi batez desagertuta egon ondoren. Margoren ama, Shayanne (Pfeiffer), presente dago, baina bere bizitza propioa darama. Egoera horretan, Margok bere sormen sena eta istorioak kontatzeko duen gaitasuna baliatuko ditu OnlyFans plataformaren mundu kontraesankor eta irristakorrean lekua egiteko.

Amatasuna idealizaziotik urrun aurkeztuko da telesailean, prekaritateak eta erantzukizunek baldintzatutako esperientzia gisa. Ipar Ameriketako fikzioan gutxitan ikusitako errealitateak erakusten dira: edoskitzearekin lotutako zailtasunak, sexualitatea esparru digitalean, zaintzaren zama etengabea edo haurdunaldiaren ondorengo kolpe emozional eta fisikoa.

Hala ere, gai horien trataeran, telesailaren ahulezia nagusiak ere agerian geratzen dira. Pornografiaren eta plataformen inguruko ikuspegia, zenbaitetan, baikorregia da, eta tragikomediaren tonuak kalte egiten dio. Zenbaitetan, tratamendua arinegia da.

“Margo’s Got Money Troubles” telesailak ausardiaz heltzen die gai konplexuei, nahiz eta bere tonu irregularrak ez dion beti bere potentzial osoa erabat garatzen uzten.

Hala ere, aktoreen lanagatik eta pertsonaia magnetikoengatik bakarrik bada ere, oso telesail gomendagarria eta ikuserraza da.