XOLE ARAMENDI
DONOSTIA

Ernaux eta Marie, pasioaren biharamunak liburu eginak

“Argazkien erabilera” itzulpena egin du Leire Lakastak; sexu harremanen ondorengo irudiez eta gogoetez osatutako liburua.

Leire Lakasta, atzo, liburua eskuan.
Leire Lakasta, atzo, liburua eskuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Galtzerdiak, oinetakoak, bularretakoa, galtzak... zoruan. Bezperako giro intimoaren lekukoak. Sexu harremanen ostean kameraz jaso zituzten arrastoak Annie Ernaux idazleak eta Marc Mariek. Irudien gaineko gogoetak idatzi zituzten. “L'Usage de la photo” liburuan. Euskaraz eman duena Leire Lakastak: “Argazkien erabilera”.

Lurrean ordu luzez egon diren arropa eta oinetakoak dira bi protagonisten beroaldien lekuko. Bikotea hirukote bihurtu zen garai hartan, Ernauxek bularreko minbizia baitzeukan. Espero gabeko gonbidatua festara.

Bi tabu, sexua eta minbizia. «Kezka eta beldurra harremanean nola sartzen den ikusten da. Minbizia oso sarkorra da», adierazi du Leire Lakastak. Bera arduratu da lana euskarara itzultzeaz.

Desira, mina, eta heriotza. «Bi maitale heldu, sexua eta minbizia, hoteletako logelak, Veneziara bidaia, argazki-makina analogiko bat eta hil arteko bizitza ospatzeko gogoa». Hauxe Katakrak argitaletxearen aurkezpena.

Obra intimista eta autobiografikoaren jabe da Ernaux. Genero eta klase posizioari erreparatzen die bere literaturak. Liburu honek ere bai. «Annie Ernauxek markatutako bidea jarraitzen du liburuak; elkarlanean idatzia izan arren, Ernauxen liburuaren aurrean gaude», esan du Lakastak emakumearen boterea aipatuz. «Botere sozial handiagoa du Ernauxek; kontuan izan 22 urte helduagoa dela. Baina harreman heterosexual normatibo batetik asko zuen eurek bizitakoak eta Mariek ere badu bere boterea», zehaztu du. Tonua eta erritmoa aurkitzea izan du erronka itzultzaileak, eta irakulearentzat atsegina egitea, «naturaltasuna nola eman».

Nola kontatu geure buruari gertatu dena? Horixe da liburuaren muina. «Kuriosoa da argazkietatik abiatuta zein gogoeta sortzen zaizkien bi maitaleei. Batzuetan aldendu egiten dira bata bestearengandik; besteetan hurbildu», azaldu du Lakastak.

«Argazkia egin genuen gauean aukeratu behar izan banu M.rekin amodioa egin ala orriak kontserbatu, ez nituzkeen paperak aukeratuko»; Ernauxen hitzak. Intimitate eta memoria ariketa da honakoa.