Eneko BARBERENA
Idazlea
JOPUNTUA

Dantzalekua (II)

Lehen irteera perretxikotan eta lehenbiziko onddoa. Ez naiz poztu, nola ba, badakidalako onddo hori deabruak paratu didala barruan dudan Mateo Txistua esnatzeko. Orain egunero joan nahiko dut basora, itxaropen tranpatiaren pozoiaz zainak puztuta. Hainbat hobe esku hutsik itzuli banintz etxera, errealitateaz kontzienteago.

Alda dezagun eszenatokia, irudikatu Londresko dantzaleku bat. Gaua da, jende gutxi dago barruan eta bozgorailuetatik ozen aditzen den Fat Boy Slimen hit higatu batek ez du laguntzen giroa hobetzen. Gizon hordi batek ez du etxera joan nahi, beldur delako bere absentzian gaizki hitz egingo dutela lagunek berari buruz. Tira, ez dirudi lagun dei dakiekeenik ere alboan dituenei. Lagunak balira ez liokete utziko hala egoten: Uber bat eskatu eta etxera bidaliko lukete. Baina ez dute egin, lagunak baino zehatzagoa delako interesdun terminoa haiek definitzeko.

Gizona Keir Starmer da, Alderdi Laboristaren burua. Mozkorraldian hamaika aldiz errepikatu dio tabernari sufrituari anekdota bera: Fat Boy Slim DJ-a eta biak klasekide izan ziren umetan.

Ez dakit Starmerrek irakurri duen Hannah Arendten “The Origins of Totalitarianism”, bereziki inperialismo britainiarra deskribatzen duen kapitulua. Inperialismoaren lehen fasean «dragoi ehiztariek» hedatu omen zuten ideologia inperiala munduan. Horiek ziren Britainia Handiko gazte onenak, prestatuenak, idealistenak, sinesten zutenak haien zeregin zibilizatzailean, gaur egun asmo hori kriminala iruditzen bazaigu ere. Ondoren etorri ziren burokratak, ez zutenak kausan sinesten, baina besteek hasitako lana egituratu zuten.

Deabruak, azeri zaharrak, Tony Blair bidali zien laboristei. Aspertuak ziren hauteskundeak galtzeaz, Thatcherrek KO utzi zituen eta Blairrek lurperatu zuen sozialismoaren dragoi ehiztarien oroitzapena New Labourraren eta kudeaketa epelaren mantupean. Ordutik irabazi dute, tarteka, baina ez dute konbentzitu herrialdea. Izan ere, mundua irauli nahi duen alderdi batek idealismoari uko egiten dionean dantzaleku ertzean itxura penagarriz amaitzen du.