Klima aldaketa jada hemen dagoela ulertzeko garaia
Aurreko asteburuan 30 pertsona artatu behar izan zituen Osakidetzak beroa dela eta. Maiatz amaiera da, eta, Aizkorrin elurra urtu berri bada ere, udako tenperaturak iritsi dira gurera. Zaila da egunotako bero sapa eta gau tropikalak aldaketa klimatikoarekin ez lotzea. Zuhurtzia zientifikoa alboratu gabe, esan daitekeen gutxienekoa da dagoeneko horrelako bero bolada goiztiarrak askoz probableagoak direla klima-krisi testuinguruan. Hau da agian normalitate berria.
Garaiz kanpoko bero hauen ondorioak asko eta askotarikoak dira. Lan arloan nabarmenak dira, jarduera ekonomikoa ez baita berdina maiatzean edo abuztuan. Alegia, kaltetutako langileak askoz gehiago dira. Aisialdian ere bada ondoriorik, egunotan hainbat hondartzatan ikusi ahal izan denez. Soroslerik gabe, surflariak eta suhiltzaileak ari dira erreskate-lanetan. Atzo, zoritxarrez, 77 urteko gizon bat hil zen Ondarretan. Donostiako Udala hondartza denboraldia aurreratzea aztertzen ari da, eta, atzo Lakuako Osasun Publikoko zuzendari Guillermo Herrerok esan zuenez, datorren urtean Gasteizko gobernuaren Bero Plana maiatzaren 15ean hastea aurreikusi dute. Berez ekainaren 1ean hasi ohi da, baina aurten dagoeneko aurreratu eta maiatzaren 21ean sartu dute indarrean.
Neurri horiek guztiak ongi daude, eta beharrezkoak dira, jakina. Ahalik eta malgutasun handiena eskatzen dute. Baina klima-krisiak aldaketa askoz sakonagoak ere eskatzen ditu. Aldaketa klimatikoaren ondorioak arintzeko ahalegina lehen lerrotik kendu gabe, egin beharreko egokitzapenak askoz espazio gehiago behar du Euskal Herriko politika publikoetan. Alegia, dagoeneko hemen dagoen -eta gero eta gordinagoa izango den- aldaketara egokitu behar dira gizartea eta ekonomia. Eta horrek, momentuko bero sapen aurrean inprobisatutako neurriez harago, egiturazko plangintza publikoak eskatzen ditu, egokitzapena transbertsala izan behar da eta. Hirigintza, mugikortasuna, jarduera ekonomikoak, aisialdi eskaintzak, gure bizitza antolatzen duten ordutegiak eta abar, eta abar. Berrikuspenak orokorra izan behar du, dagoeneko errealitatea den aldaketa klimatikoarekin bizitzeko.




