EDITORIALA

Kitchen auzia, «egin dezakeenak egiteko» unea

Atzo Jorge Fernandez Diaz Barne ministro ohi espainiarraren txanda izan zen Auzitegi Nazionaleko akusatuen aulki batean, Kitchen auzia dela eta. Fiskaltzak hamabost urteko kartzela zigorra eskatzen dio PP bere alderdiaren B kutxaren gaineko frogak deuseztatzeko diru bereizi publikoekin ordaindutako «polizia patriotiko» bat sortzea egotzita. Bere deklarazioan dena ukatu zuen, baita bere manupeko Segurtasuneko estatu idazkariari bidalitako mezuak ere, hark pixka bat lehenago aulki berean esandakoa ezeztatuz. Fernandezek esan zuenez, ez zuen Kitchen operazioaren berri izan hura abiatu eta bi urte geroago arte, hedabideetan irakurrita.

Ustelkeria ez da arrotza Espainiako gobernuetan. Ez da fenomeno berria eta ez du espainiar klase gobernatzailea delakoaren oso irudi onik ematen. Oposizioak boterea eskuratzeko tresna gisa erabili ohi du, baina ez ustelkeriaren aurkako erabateko neurriak ezartzeko, bistan denez. Azkenaldian Pedro Sanchez presidentearen «inguru ustelaren» gaineko albisteak -eta auto judizialak- pilatu dira. Atentzioa ematen du Barne ministro ohi bat eta haren estatu idazkaria epaitzen ari diren auziak, PPren estrategiarako arrisku gisa iragarri zuten auziak, zein lerro gutxi merezi izan dituen hedabideetan. Lausotuta geratu da defentsarik onena den erasoaren pean. Eta atentzioa ematen du burrunba juridiko eta mediatiko hori beti momenturik «aproposenean» gertatzeak. «Egin dezakeenak egiteko» momenturik onenean, alegia.

Fernandez Diaz ministro ohiak atzo, Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen egun berean, egunkari espainiar batean idatzi ohi duen zutabean zioen Sanchezen Gobernua ataka gaiztoan jartzen ari den azken auzia «inoiz entzun gabeko egoera» dela, eta Gobernua sostengatzen dutenak okupak direla. Adierazgarria da, oso, Fernandez Diazek akusatuen aulkitik Gobernua eta besteak seinalatzea ustelkeria dela eta. Adierazgarria, bere alderdia alternatiba gisa agertzea, estatu aparatuak aldeko, beste guztien jardun politikoa judizializatu, kriminalizatu eta lokaztea estrategia nagusi duela. Lotsagarria, baina ezin esan inoiz entzun gabeko egoera denik.