Ane ALAVA
IRUÑEA
Entrevista
Amaia Erize
Kieveko ballet konpainiako dantzaria

«Dantza profesionalaren exijentzia ezagutu dut, baita edertasuna ere»

Amaia Erizek (Iruñea, 2001) txikitatik izan du argi oholtza gainean egon nahi zuela. Urteetako lan eta ahaleginaren ondoren, bere tokia lortu du dantza profesionalean eta Kieveko Ballet konpainiako dantzaria da gaur egun. Urrun egoteak etxekoen beroa sentitzeko beharra piztu diola esaten du, baina pozik da, amets bat betetzen ari baita.

(GARA)

Amaia Erize Lagaz (Iruñea, 2001) dantzaria da, eta txikitatik izan du argi bere pasioa oholtza gainean zegoela. San Fermin Ikastolan ikasia, bere ibilbidea ez zen balletean hasi: lehenik gimnasia erritmikoan eman zituen urte batzuk, gorputz adierazpena eta diziplina lantzen. Zortzi urterekin ekin zion dantzari etxetik gertu zegoen eskola batean, eta hamar urterekin jauzi garrantzitsua egin zuen Marta Espuelas Dantza Eskolara. Han 18 urte bete arte trebatu zen, eta batxilergoa amaitzean erabaki sendoa hartu zuen: dantza izango zuen ogibide.

Bigarren batxilergoan, etorkizunari buruz hausnartzen hasi zenean, galdera argi bati erantzun behar izan zion: zerk betetzen zuen benetan? Erantzun bakarra izan zuen: dantzak. Irakasleen babesarekin eta bere gaitasunetan sinetsita, bide profesionalari ekitea erabaki zuen. Horretarako, Estatu espainoleko zein nazioarteko hainbat eskolatan sarbide-probak egin ondoren, Estatu frantseseko Tolosan, VM Ballet School eskolan, sartzea hautatu zuen. Ospe handiko zentroa, baina zorrotza.

Europan barrena ibili zara lanean. Non eta zertan aritu zara?

[Okzitaniako] Tolosan ikasketak amaitu nituenean, Bulgariako konpainia batera joan nintzen, State Opera Stara Zagora-ra. Han dantza eta arteak asko baloratzen dituzte, eta jendea maiz joan ohi da ikuskizunetara: dantza, opera eta kontzertuetara.

Bertan dantza profesionalaren exijentzia ezagutu nuen, baita edertasuna ere, baina etxerako itzulaldiak urriak ziren, oso urrun nengoelako. Bulgarian hiru urte eman ondoren, pixkanaka Iruñera hurbiltzen saiatzea erabaki nuen, aldi berean esperientzia berriak eta konpainia berriak ezagutuz, errepertorio eta dantza ulertzeko era berriekin. Hainbat proba egin ondoren, Kieveko balletean sartzea erabaki nuen. Bi konpainia handi dira, eta asko hazten ari naiz dantzari gisa zein pertsonalki.

Familiarentzat ere gogorra izango da…

Betidanik izan dut haien babesa; eskola garaian zein nire ibilbide profesionalean beti lagundu didate. Batzuetan gogorra egiten da hainbeste denbora etxetik kanpo egotea, baina gaur egun edozein unetan egin ditzakegu bideodeiak, eta horrek hurbilago sentiarazten gaitu. Egun libreak ditugunean Iruñera joateko komunikazioa ez da erraza, eta etxera joatea zailtzen du. Nire lankideek, adibidez, errazago dute, hiri handiagoetan bizi direlako eta bidaietarako eskaintza handiagoak dituztelako. Azkenean, familiaren kontaktu fisikoaren falta da gehien sumatzen dudana. Gertu izateko gogoa dut. Hori ere eman dit konpainia berriak; urrian Kieveko balletarekin bira hasi nuen Espainian zehar.

Nolakoak dira dantza konpainiak barrutik?

Dantza konpainiak hainbat herrialdetako eta kontinente guztietako jendez osatuta daude, eta kultura eta ohitura desberdinetako pertsonen arteko harremanak beti dira aberasgarriak. Egun asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta garrantzitsua da elkarren artean harreman ona izatea. Dantzariaren bizitza oso gogorra da, eliteko atleta batek duenaren antzekoa.

Nolakoa da egun arrunt bateko entrenamendu errutina?

Konpainiaren errutinak asko aldatzen dira. Adibidez, Bulgarian nengoenean egunero zortzi ordu lan egiten genuen, asteko bost egunetan, eta emanaldi gutxi egoten zen hilabetero. Orain, aldiz, Kieveko balletean, emanaldiak egunero izaten ditugu bira garaian. Beraz, goizez bidaiatzen dugu; antzokian beroketa eta entseguak izaten ditugu. Gero, emanaldirako prestatzen gara: makillatu, ilea prestatu, jantzi guztiak prestatu… Fisikoki zein mentalki oso exijentea da.

Zein zailtasun edo oztopo izan dituzu zure ibilbidean?

Azpimarratzeko zailtasunetako bat mundu honetan dagoen lehia da, non lan eskaria eskaintza baino handiagoa den; baina argi daukat dantza dela betetzen nauena, eta horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen dit.

Lesioak ere oztopo bat dira, hilabete asko eman behar izaten dituzulako geldirik eta lortutako mailara berriro iristea zaila gertatu daitekeelako. Baina, azkenean, zure familiaren eta lagunen babesa izanik, indartsuagoa bihurtzen zara alderdi guztietatik. Asko ikasten duzu.

Zein esango zenuke dela (uste okerrean) dantzarien inguruan dagoen aurreiritzietako bat?

Balletaren munduan dagoen aurreiritzi handienetako bat gure arteko lehiakortasuna toxikoa dela pentsatzea izan daiteke. Nik Frantzian, Bulgarian eta orain Kieveko balletean ez dut halakorik bizi izan. Beti izan da giro ona lankide guztien artean, eta nahiz eta beti dagoen lehiakortasuna, ona edo sanoa izaten da.

Zein da harro sentiarazten zaituen lorpen handiena?

Momentuz harro nago mundu hain konplexu honetan gustatzen zaidana eginez bizitzeaz, gero eta emanaldi gehiago prestatzeaz, bakarlari paper batzuk egiteko nigan konfiantza jartzen ari direlako, eta baita balletean zein pertsonalki izan ditudan aurrerapen guztiengatik eta lortzen ari naizen konfiantzagatik ere.

Non ikusten duzu zeure burua bost-hamar urteren buruan?

Kieveko balletean oso gustura nago; giroa bikaina da eta asko baloratzen naute, eta etorkizunean haiekin jarraitzea gustatuko litzaidake. Dantzari gisa hazten lagunduko didan konpainia finko batean audizionatzeari buruz pentsatuko dut aurrerago.

Dantzari baten lan bizitza laburra da, fisikoki duzun garapenaren mende dago. Hemendik hamar urtera begira hitz egitea luze samarra da, baina bost urteko eperako nire helburua dantzatzen jarraitzea da eta esperientzia gehiago bizitzea, nire ibilbide profesionalean hazteko. Orainean pentsatzea gustatzen zait.

Nola eragin dizu atzerrian bizitzeak pertsona gisa?

Atzerrian bizitzeak aukera eman dit munduko hainbat herrialdetako jendea ezagutzeko; horietako batzuekin adiskidetasun handia sortu dut. Beste kultura batzuk ezagutzea oso aberasgarria da. Hizkuntzak ere ikasi ditut; frantsesa eta ingelesa adibidez. Halaber, gure kulturagatik eta Euskal Herrian bizitzeagatik dugun zorteaz konturatu naiz.

Euskara edo zure jatorria presente izaten saiatzen al zara zure egunerokoan?

Egia esan, euskara balletaren munduan oso gutxi erabiltzen dut; hemen, adibidez, Kieveko balletean, erabiltzen ditugun hizkuntzak errusiera eta ingelesa dira. Zortea dut Espainiako bira antolatzen duen promotoreren bat euskalduna delako, eta gure artean euskaraz hitz egin dugu. Bestela, familia eta ikastolako lagunekin euskara erabiltzen jarraitzen dut.

Euskal Herrian dantza mundua nolakoa dela esango zenuke?

Balletaren mundua, tamalez, Espainian guztiz abandonatuta dago. Espainiako Dantza Konpainia Nazionala bakarrik ari da modu egonkorrean lanean, eta dantzariek baldintza onargarriak dituzte. Estatu frantseseko mugara iristea besterik ez dago egoera oso desberdina ikusteko. Balletak aitortza handia du Europako erdialdean eta iparraldean, eta zer esanik ez mendebaldeko herrialdeetan; dantzari bat Europako futbol jokalari on baten moduan baloratzen da.

Euskal Herrian dantzaren egoera antzekoa da. Dantza garaikidea apur bat hobeto dago, baina klasikoak ez du aitortza handirik. Egia esan, asko du eraldatzeko eta hazteko, norabide anitzetan gainera.

Zer aholku emango zenioke balletean hasi nahi duen gazte bati?

Nik gomendatuko nioke ilusioz har dezala, baina itxaropen handirik gabe, helburu handiak lortzen ez baditu frustraziorik ez izateko. Emaitzak etorriko dira, eta orduan ikusiko da etorkizunean dantzara dedikatzeko apustua egin ahalko duen, hainbat faktoreren mende baitago hori. Dena dela, apustu egin dezala, joan dadila guztia ematera, mundu oso polita eta asebetegarria da, baina baita exijentea ere.