Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
LEONARD & HUNGRY PAUL

Txikitasunaren handitasuna

"Leonard eta Hungry Paul” telesailak handinahitasunik gabe, egunerokoaren xume-tasunean aurkitzen du emozioa. Erakusten du istorio guztiek ez dutela gertaera handirik behar ikuslea hunkitzeko. Telesail gozoa, beroa eta atsegina da; isiltasunetik eta egunerokotasunetik emozio handiak sortzeko gai den horietakoa. Dublingo auzo lasai batean kokatzen da istorioa. Han ezagutuko ditugu Leonard eta Hungry Paul: bi lagun bakarti, barnerakoi eta berezi. Leonard hogeita hamar urte inguruko gizona da, eta Dublingo argitaletxe batean egiten du lan, beste batzuentzat liburuak idazten. Hungry Paul, berriz, bere lagunik onena da, adin bertsuko beste gizon xelebre eta bakarti bat. Leonarden amaren ustekabeko heriotzak, Hungry Paulen arrebaren hurbileko ezkontzak eta Leonardek Shelley lankidearekin hasiko duen harreman berriak bi protagonistak aukera eta ziurgabetasunez beteriko mundu batera eramango ditu.

Bikote bitxi horren egunerokoak ironia britainiar fin eta sotilez betetako bake zurrunbilo batera eramango dute ikuslea. Serieak umore txikia eta melankolia modu naturalean uztartzen ditu.

Pertsonaia hauek hankaz gora jartzen dituzte telebistako maskulinitate eredu tradizionalak. Ez dira oldarkorrak edo lehiakorrak, hauskortasunean eta herabetasunean aurkitzen dute munduan egoteko modua.

Aipatzeko moduko beste elementu bat off-ahotsa da. Kontakizun osoa Julia Roberts-en ahotsak zeharkatzen du, eta horrek ukitu berezi eta ia literarioa ematen dio serieari. Ez da apaingarri huts bat, zentzuz eta neurriz erabilita dago, eta narrazioari beste geruza emozional bat eransten dio.

Besarkatzeko gogoa pizten duen telesail oso gomendagarria.