G.I.
HERNANI
IVAN & HADOUM

Ezinezko maitasun istorioa

Ian de la Rosa zinemagileak Berlinalen estreinatu zuen “Iván & Hadoum”, ezinezko maitasunen inguruko istorio hunkigarria. Epopeia sentimental handiei begirada berria eskaintzen dien lana da, LGTBIQ+ ikuspegitik kontatua. Estreinaldia, esan bezala, Berlinalen izan zuen, eta han Teddy Award entzutetsua irabazi zuen.

Filmak Ivanen istorioa kontatuko du: Europa hegoaldeko negutegi batzuetako biltegietan lan egiten duen gizon trans batena. Bertan, Ivan, Hadoumekin maiteminduko da, bere lankide berria. Biek negutegian egiten dute lan, baina Ivanek hainbeste desiratzen duen lan igoerak eragina izango du bien arteko harremanean. Gainera, beraien familiak maitasun horren aurka daude.

«Horrelako lan batek pertsona asko behar ditu: galduta zauden uneetan, nola jarraitu ez dakizunean, ikuspegi berri bat emango dizutenak. Profesional askoren begiradak behar dira, ahalik eta iritzi gehien biltzeko eta ahalik eta filmik onena egiteko», dio Ian de la Rosak. «2015ean amaitu nuen gradu amaierako nire film laburra, ‘Victor XX’, eta orduan galdetu nion neure buruari nolakoa izango zen ‘Romeo eta Julieta’ moduko istorio bat negutegien artean kokatzea. Urte hauetan zehar, ideia horrek bilakaera handia izan du», gehitu du zinemagileak.