Araba Euskaraz 2026, euskararen taupadak arabar herrietara itzuli dira
«Taupadak berpiztu!» lelopean, Araba Euskaraz herrietara itzuli da, jaiegun bat baino askoz gehiago izateko asmoz. Oraingo honetan Amurrioko Aresketa ikastolak hartu du antolaketaren ardura, euskararen taupadak indartu eta herritar guztiengana iristeko helburuarekin; ez soilik ikastolan, baizik eta kalean, plazan eta eguneroko bizitzan.

Gasteizen lau edizio segidan egin ondoren, Araba Euskaraz lurraldeari eta tokiko komunitateei lotuago dagoen formatu batean datorkigu. Ikasturte oso honek euskararen orainaz eta geroaz hausnartzeko balio izan du, bai eta euskara bizirik mantendu duten lotura komunitarioak indartzearen garrantziaz gogoeta sakona egiteko ere. Testuinguru horretan, Amurrio aukeratzea ez da kasualitatea izan. Itzulera horrek herrietara, auzolanera eta landa inguruneetara garamatza, leku horiek euskararen biziraupenean eta transmisioan bete duten ezinbesteko zeregina aitortzeko.
Antolaketaren pisu handiena Aresketa ikastolak hartuko badu ere, beste zazpi ikastolak ere hor egon dira Amurrioko ikastolak nahi eta behar izan duen guztietan esku bat luzatzeko.
Antolaketa tradizionalera itzuli dira, beraz, eta hauek dira arrazoiak: Aresketa ikastolako komunitateak nahikoa indar eta gogo izan dituela Araba Euskaraz antolatzeko eta Amurrion ospatu nahi izan dutela Araba Euskaraz. «Araba Euskaraz elkarrekin antolatzen hasi ginenean adierazi genuen ez genuela formatua eta lekua betikotzeko asmorik». Era berean, aurtengoa betiko formatura itzuli den arren, ez du esan nahi hurrengo edizioetan berriro ere zortziek batera antolatzeko aukera baztertzen dutela.
“Taupadak berpiztu!” da aurtengo Araba Euskararentzat aukeratutako leloa. Taupadak metafora bat baino askoz gehiago dira. Zerbait bizirik dagoen seinale ditugu. Eta horixe da, hain zuzen ere, edizio honek zabaldu nahi izan duen mezua: euskarak taupaka jarraitu behar duela eguneroko harremanetan, gure herri eta hirietako kaleetan, familia zein lagunartean, Arabako gizartearen topaguneetan…
Izan ere, azterketek eta datuek adierazten dute euskararen erabilerak erritmoa galdu duela, ezagutza eta erabilera deskonpasatuta doazela. «Korronte zuzeneko txinparta bat behar dugu bihotzera», nabarmendu dute.
Antolatzaileek aipatu dituzten helburuek kezka hori islatzen dute. Alde batetik, hizkuntza ezagutzen eta erabiltzen dutenen konpromisoa indartu nahi da. Bestetik, oraindik euskarara hurbildu ez diren, edota azken urteotan Euskal Herrira iritsi diren pertsonekin zubi zabalak eraiki nahi dituzte, euskara guztion ondarea dela ozen eta garbi aldarrikatzeko.
«Euskaldunok euskara daramagu bihotzean, eta taupadak behar ditugu euskara bihotzetik gogora nahiz mihira eramateko», esan zuten antolatzaileek aurtengo edizioaren aurkezpenean, hizkuntzarekiko atxikimendu emozionala eguneroko erabilera erreal bihurtu nahi duen egitasmo baten filosofia laburbiltzen duen hausnarketa eginez.
Azken hilabeteotan, kirol topaketek, kultura jarduerek eta musika kontzertuek Araba Euskarazen muina eraman dute Amurrio, Aiaraldea eta Gasteizko bazterretara, euskararen sustapena ezin dela egutegiko egun bakar batera mugatu gogoratu nahi duen programazio askotariko eta zabal batean.
LAU HAMARKADA
Amurrion egindako lehenengo Araba Euskarazen berrogeigarren urteurrenarekin bat egiteak, gainera, garrantzi berezia ematen dio edizio honi. 1986an, “Araban bultza euskararen martxa” lelopean antolatu zen ekitaldi hura. Egun, lau hamarkada geroago, erronka desberdinak daude, baina helburu bera darabilte: euskararen presentzia gizartean indartzea eta belaunaldi berriei gure hizkuntzaren transmisioa bermatzea.
«Gizartearen loturak berreraiki, nortasuna landu, elkartasuna bultzatu eta euskararen taupada berpiztea dugu helburu», azpimarratu zuten edizio honetako antolatzaileek. Sustraiak ahaztu gabe etorkizunari begiratzen dion festa baten arima laburbiltzen duen esaldia.
Antolakuntzak bereziki azpimarratu nahi izan ditu, halaber, jaiaren zeharkako balioak: ingurumenarekiko erabateko konpromisoa, beira eta alkoholdun edariak sartzeko debekua zirkuituan eta, batez ere, jaiak aske eta erasorik gabe gozatzeko aldarria.
Gaur, milaka lagun bilduko dira Amurrioko kaleetan, festa bat baino zerbait gehiago ospatzeko. Hizkuntza bat, kultura bat, komunitate bat, azken finean. Araba Euskarazek Amurrio euskararen eta euskal kulturaren topagune handi bihurtzeko gonbidapena luzatu die Euskal Herri osoko herritarrei.
Aresketa Ikastola, 50 urteko euskararekiko konpromisoa
Aresketa ikastolaren historia 1977an abiatu zen, Amurrioko familia talde batek garai hartan zaila zirudien helburu bat gauzatzea erabaki zuenean: seme-alabei kalitatezko euskarazko hezkuntza eskaintzea. Lehenengo eskolak Mendiko Lagunen lokaletan eman ziren eta, ondoren, zenbait modulu prefabrikatutan.
Hasierako zailtasunak zailtasun, proiektua handituz joan zen familien, irakasleen eta laguntzaileen ahalegin bateratuari esker. Mugarri garrantzitsuenetako bat 1989an iritsi zen, “Adreiluaren Martxa” kanpainarekin. Herri mobilizazio horri esker, egoitza propioa eraikitzeko dirua bildu ahal izan zen. Handik urtebetera, ikastola Aresketa auzora lekualdatu zen, eta bertatik hartu zuen gaur egungo izena.
Ikastetxeak beti egin du hezkuntza-berrikuntzaren aldeko apustua. 1991n “Kili-Kolo” jarri zuen martxan, bi urteko haurrentzako gela, eta 1997an “Tantaka’ izeneko haurtzaindegiaren kudeaketa bere gain hartu zuen, bere hezkuntza proiektua haurtzaroko lehen etapetara zabaltzeko.
Bere ibilbidean zehar, Aresketak Araba Euskarazen hainbat edizio antolatu ditu (1986, 1996, 2005, 2013 eta, orain, 2026), eta hitzordu hori funtsezko tresna bihurtu da eskualdean instalazioak hobetzeko, proiektu berriak bultzatzeko eta euskara indartzeko. Tartean, covidaren pandemiak harrapatu zituen. Urte hartako ekainean egin behar zuten bosgarren Araba Euskaraz, baina birusak sortutako egoerak galarazi egin zuen, nahiz eta pandemiako baldintzak leuntzen ari zirela-eta ospakizun xumeren bat edo beste antolatzeko aukera izan zuten.
Egokitzeko gaitasuna, beraz, bere historiaren parte da. 2003ko elurte handiaren ondoren espazioak berrantolatu zirenetik 2018an hasitako berrikuntza metodologiko eta arkitektonikoraino, ikastolak une bakoitzeko erronkei erantzuten jakin du, bere funtsa ahaztu gabe.
Gaur egun, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 600 ikasle baino gehiago, 400 familia inguru eta dozenaka profesional biltzen dituen hezkuntza kooperatiba da Aresketa ikastola. Sortu eta ia mende erdira, bere sorreraren helburuari leial jarraitzen du: kalitatezko hezkuntza euskaraz eskaintzea eta Amurrio eta Aiaraldeko garapen sozial, kultural eta linguistikoari laguntzea.

«En Irulegi vivía gente mil años antes de los vascones de ‘abaŕ’ y la Mano»

Respuestas de perfil y de cara a una crisis desconocida hasta la fecha

Garratz Zabarte hil da, 29 urte espetxean eman zituen euskal preso ohia

La familia de Ander quiere esclarecer los hechos que acabaron con su vida
