Sutu
Kamio, ez sutu». Azkenaldian gehiegitan errepikatzen dizute esaldi hori, ernegatuta bizi zarela erakusten duen froga balitz bezala. Zahartuta zaudela esan dizu hogeita hamar urtetara iristen ez den gazte batek. Bezperan egin duzun parrandak utzitako ajea errekuperatzeko bi ala hiru egun behar dituzun galdetu dizu, irribarre maltzur bat erakutsiz. Bera ez da ohartu, baina gaztetu egin zaitu gutxienez zu baino dozena bat urte gazteagoa den norbaitekin interaktuatzeak.
Errenteriako auziek ere sutu zaituzte. Adi jarraitzen diezu mugimendu feministatik datozen koordenadei, askotan galdu egiten zarelako feminismoaren geografia zabalean; hain hedadura zabalekoak zaizkizu oraindik ezagutzen ez dituzun lurraldeak.
Erraietan alanbre elektrifikatu bat jarri diete erasoa jasan dutenei, edo hala irudikatu duzu zeure burua haien larruan jartzearen ariketa egitera ausartu zarenean. Ez gehiegi mugitu, edozein mugimendurekin dator-eta dardara.
Ez duzu salaketa publikorik egin nahi, baina argitara aterako dugu, geure bertsioa lehenetsiz. Kalanbrea. Ez duzu epaitegietara jo nahi, baina epaitegien garrantzia azpimarratuko dugu, bestela ez dagoelako fundamentuzko salaketarik. Kalanbrea. Ez duzu ondorio punitibistarik nahi, erreparazioa eta berriro ez errepikatzea baizik, baina gu bai, punitibistak gara, eta zu zeu zigortuko zaitugu, gauzak bere onetik ateratzeagatik. Kalanbrea. Zuk nahi duzuna egin nahi duzu, baina hemen ez zara zu agintzen duena. Kalanbrea.
Hainbat hedabidek jakinarazi dute astearte honetan bertso eskolaren inguruan Gipuzkoako Fiskaltzak zabaldutako auzibidea artxibatu egin duela. «Hasta aquí» batekin abiatu da tokiko komunikabide baten testua, fiskalak ez ezik, gizarteak ere, oro har, ontzat jo duelakoan justizia tradizionalak erabakitzen duela noiz hasi eta amaitzen den auzi bakoitza. Badakizu, polizia-etxean denuntziarik ezarri ezean, erasoa ez dela hain eraso eta horrek, Kamio, sutu egin zaitu berriro. Aje bat gainditzeko gai ez zarela esateak baino gehiago.
Sidenor: arraigo vendo, que para mí no tengo

La UCO y la UDEF, marcadas por la violencia y el espionaje

Así es Trepador, candidato principal a ser el oso que llegó hasta las puertas de Ezkaroze

«Gure estatua eraikitzeko bidean gauzak beste era batera egiteko aukera dugu»
