3+30+300 kaleak
Shock termiko betean, maiatzetik uztail erdirako tenperaturari loturiko 300 heriotza inguru gertatu dira Hego Euskal Herrian, MoMo sistemaren arabera. Baina, historikoki, heriotzen kopuru handiena uztailean eta abuztuan pilatzen da, bero bortitzagoez gain, bero-olatuen metatze efektuagatik. Joera ikusirik, 800 edo 1000 heriotzara ailegatuko gara aurten? Egoera bereziki kritikoa da etorkizunera begira ere, hiru arrazoigatik: (1) uda hau «fresko» moduan oroitu dezakegu 2040an. (2) Bero-uharte efektua medio, hiri handietan egunez tenperatura 2-4 °C igotzen da, eta gauez 10 °C. (3) 2050erako, munduko populazioaren 2/3 hirietan biziko da.
Gure hiriak ez daude prest horretarako, XX. mendean geratu dira. Bada egun hauetako irudi esanguratsu bat horren harira: bero-olatu betean, jendez beteriko merkataritza guneak, kapitalak espazio publikoak baina konfort hobea eskaintzen duelako. Kezkatzekoa da. «Kaleak gureak dira» oihukatzen dugu maiz, baina jendea kaletik ihesi doa. Edo etxetik ezin irten, edo beste norabait ihesi. Mendietan arreta handia jartzen ari garen garai berdinean, ez al ditugu gure kaleak, gure bizitzen zati handienaren espazioa, erabat fosilismora abandonatuta? Alabaina, krisi oro eraldaketarako aukera ere izan daiteke eta 3+30+300 erregelak gida on bat eskaini dezake kaleak berreskuratzeko bidean.
Cecil Konijnendijk hiri-ekologiako aditu holandarrak 2021ean proposatutako erregela da 3+30+300, azpiegitura berdearen garapenerako gutxienekoen arau sinple bat: pertsona orok, etxetik edo lantokitik gutxienez hiru zuhaitz heldu ikusi behar ditu. Gutxienez, bere kalearen azaleraren %30 zuhaitzen adaburuek estali behar dute. Eta 300 metrora kalitatezko berdegune edo parke bat izan behar dugu denok, hau da, 5 minutuko paseo baten distantziara, gehienez. Izan ere, zuhaitzen estaldurak bero-uharte efektua %50 txikitu dezakeela ikusi da, ‘‘Nature’’-n argitaratutako ikerketa baten arabera. Eta hirietako heriotzen heren bat eragotzi daiteke hirietako zuhaitzen estaldura %30era handituz. 2022an Bilbon 10 °C-ko tenperatura aldeak ikusi ziren eremu beroenen eta eremu berdeen artean. 3+30+300 erregelak beste onura fisiko eta psikiko asko ditu, noski: asma kasu gutxiagorekin, farmakoen kontsumo txikiagoarekin eta psikologora bisita gutxiagorekin lotu da, baita gaixotasunen beherakadarekin, arretaren hobetzearekin, ADHNaren sintomak arintzearekin, bortizkeria kasu gutxiagorekin eta abar. Noski, klase ikuspegi batekin garatu behar da politika, errenta txikienetako auzoetan fokua jarriz, prekaritate energetikoa berotzeko zailtasunetik hozteko ezintasunera pasa baita.
Erregela toki askotan zabaltzen ari da: Nizan eredutzat hartu dute erregela eta biztanleko zuhaitz bat landatu dute dagoeneko -Bilbok zuhaitz bat du hamar biztanleko-. Parisen 150.000 zuhaitz landatu dituzte sei urtean, 500 kaletako zoruak altxatu eta «lorategi-kale» bihurtu dituzte. Aktibitate fisikoa ere bultzatzen du berdatzeak: Medellinen bizikleta bidaiak %35 handitu ziren itzalari esker. Bartzelonako superilla-tan partikula kutsagarri batzuen presentzia %25 jaitsi da, kutsadura akustikoak 4-5 dezibel behera egin du eta auzoarekiko atxikimendua handitu egin da, kohesio soziala hobetuz.
Berriki ‘‘Nature Communications’’ aldizkarian argitaratu den artikulu batean Europako 862 hiri aztertu dira 3+30+300 erregela betetzen den jakiteko. Ondorioztatu dute soilik aztertutako populazioaren %13, 5ek betetzen dituela hiru erregelak batera. Gehien betetzen den araua 300 metrora parke bat izatearena da, eta. gutxien betetzen dena, %30eko estaldurarena. Hain zuzen, neurri garrantzitsuena dena.
Europa hegoaldeko hirietan betetzen da gutxien 3+30+300 erregela, baita euskal hiriburuetan ere. ‘‘El Confidencial’’-ek jaso duenez, Bilbon herritarren %5,6 bizi dira hiru arauak betetzen dituzten auzoetan, Donostian %34 eta Iruñean %1,9. Egia da Iruñea eta Gasteizek berdegune handiak dituztela: Haritik Hirira-ren arabera, 2021ean, biztanle bakoitzeko ia 27 metro koadro parke zituen Gasteizek, eta, Iruñeak, hemezortzi baino gehiago. Alde handia Baiona (7,56), Donostia (7,03) eta Bilborekin (6,9). Baina arazo nagusia %30eko estalduran dago berriro. Kasu horretan, populazioaren %1-10 artean bizi da estaldura hori duen kaleren batean euskal hiriburuetan. Eta eraldaketa astiroegi doa: Parisen 45.000 zuhaitz landatu zituzten 2024an, Bilbon 1.600.
Kontua ez da bakarrik zuhaitz gehiago landatzea, zuhaitzok mantentzea, zuhaitzoi espazioa ematea ere bada kontua. Hau da, auzoaren %30 hostopean egotearen gakoetako bat lurrean dago, txorkoan. Txorko txiki batean, 100 urtetik gora bizi daitekeen zuhaitzaren bizi-esperantza 15 urtera murriztu daiteke, ez duelako tokirik sustraiak zabaltzeko eta ur gutxi sartzen zaiolako. Eta zuhaitza, zenbat eta handiago eta zaharrago, orduan eta onura gehiago. Eta hor beste gakoa: landatzen denetik zerbitzu ekosistemikoak modu esanguratsuan eman arte, 10-20 urte pasa daitezke. Azpiegitura berdea oinarrizko osasun azpiegitura bada, horren araberako baliabide tekniko, humano eta ekonomikoak eskaini beharko dizkiogu. Osasuneko aurrekontuen zati bat izan beharko litzateke?
Zuhaitz batek 200 euro inguru balio ditzake, auto batek 20.000 euro baino gehiago. Autoa 14 urte bizi da, zuhaitza 100 baino gehiago −baldintza onetan-. Benetan inbertsio errentagarria dira. Baina arazoa aurrekontuan dago ala gure bizimodu fosilean? Zer esango dugu gure auzoan autoak zuhaitzengatik ordezkatzea proposatzen denean?
Hemen iritzi bat: autoa pribatua da, zuhaitza publikoa. Autoak klima eta hiria berotzen du, zuhaitzak hozten. Autoaren ihes hodiak karbono dioxidoa botatzen du, zuhaitzak bahitzen. Autoak giza loturak zatitzen ditu, zuhaitzek errazten. Autoak mikropartikula kartzinogenoak botatzen ditu, zuhaitzak filtratzen. Autoak ziklistak harrapatzen ditu, zuhaitzak haien bidaiak areagotzen. Autoak kutsadura akustikoa eragiten du, zuhaitzak hura apaltzen. Auto harrapaketak hegaztien heriotza kausa nagusietakoa dira, zuhaitzak haien habitata. Autoaren zoruak lurra iragazgaizten du uholdeak larriagotuz, zuhaitzaren sustraiek ura lur-azpira sartzen laguntzen dute. Autoek haurren jolastokiak lapurtzen dituzte, zuhaitzak ezkutaleku dira, solastoki, zomorro-toki, oroitzapen-toki. Aparkaleku bakoitzak 12 metro karratu ditu. 12 metro karratu disputarako. Natura eta herriarentzat askatu daitezkeen 12 metro karratu.

Aires de reconquista rojigualda con motas de insumisión parda

«Ohorea izan da Zarauzko alkatea izatea; plazera ez beti, gogorra ere izan delako»

«Ohartzen dira Euskal Herria zazpi probintziaz osatuta dagoela»

Militares israelíes piden detener las acciones «terroristas» de los colonos
