Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
THE ODYSSEY

Irudi (oso) handiak, emozio txikiak

Hainbeste begik arakatu eta hainbeste ahotsek epaitu duten filma izanik, labur esango dut: “The Odyssey” film oso ona da, une bikainez josia, baina ez da maisulana, inondik inora ere. Bere handitasuna liluragarria da, bere mugak, ordea, ezin ditu ezkutatu.

Bisualki, Nolanek lan monumentala osatu du. Garai bateko zinema epikoaren espiritua berpiztu du, efektu digitalen garaian ia ahaztuta zegoen zerbait: ikuslearen eta irudiaren arteko lotura fisikoa. Itsasoak pantaila bereganatzen du; ontziak eta pertsonaiak, berriz, partikula txikiak baino ez dira geografia erraldoi baten aurrean. Hoyte van Hoytemaren argazkilaritzak eta Ludwig Göranssonen musikak esperientzia sentsorial aparta eraikitzen dute, zinema klasikoaren ikuskizun handiak gogora ekarriz.

Filma erraldoia da hitzaren zentzurik zabalenean. Pantaila handian arnasteko sortutako lana da, eta 172 minutuak arin igarotzen dira. Baina oinarri sendo horren gainean eraikita egon arren, filmak baditu zenbait ahulgune. Pelikulak irudi ahaztezinak oparitzen ditu, memorian iltzatuta geratzen diren horietakoak: Polifemoren pasarte basatia, body horror ukitua duen Zirzeren sekuentzia, ontziko uneak, batailak... Baina egitura zatikatuak zenbait eszenen indar emozionala ahuldu egiten du.

Pertsonaia ugari gurutzatzen dira Odiseoren bidean, baina horietako askok ez dute behar adinako garapenik. Horrek zaildu egiten du haiekin lotura emozionala sentitzea, eta filma hotz samarra da une askotan, oso solemnea.

“The Odyssey” lehen mailako ikuskizun zinematografikoa da, zinemaren indar bisuala bere adierazpen gorenean ospatzen duen lana, eta irudi batzuk luzaroan geratuko dira gurekin. Baina ez da film biribila; Nolan, handitasunean itota, emozioaz ahaztu da.