Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
EN EL CAMINO

Maskulinitate hegemonikoaren errepidean

Mexiko iparraldeko bide amaigabeetan barrena maskulinitateaz, desiraz eta indarkeriaz hausnartzen duen bitartean, David Pablosek thrillerra, drama eta queer erromantzea uztartzen dituen road movie indartsua ondu du. Veneno da protagonista: kalean bizi den gaztea, errepide bazterreko jatetxe eta atsedenlekuetara joaten dena kamioilariekin sexu-harremanak izatera. Bizitza horretatik ihes egiteko premia bizia du, eta bidean Muñeco ezagutuko du, kamioilari isil eta zakarra. Hark Mexiko iparraldeko distantzia luzeko garraioaren mundu hipermaskulinoan murgiltzera gonbidatuko du. Ustekabeko lotura afektiboa sortuko da bien artean.

Tradizioz, zinemak bidaia askatasunaren metafora gisa irudikatu izan du. “En el camino”-k, ordea, ikuspegi hori irauli egiten du: desplazamendua ez da askatasunerako bidea, bizirik irauteko ezinbesteko baldintza baizik. Pertsonaiek ez dute etorkizun hobe baten bila egiten aurrera; etengabeko ihesean bizi dira, iraganetik zein etengabe jazartzen dituen errealitatetik ihesi. Veneno eta Muñecoren arteko harremana urrun dago maitasun istorio idealizatu batetik. Bien arteko lotura ahultasun partekatutik, bakardadetik eta elkar ulertzeko premiatik eraikitzen da, maskulinitate hegemonikoaren kontraesanak agerian utziz eta zaurgarritasunari leku eginez.

Eszenaratze neurtu baten bidez, eta errealismo kontenplatibotik hurbil dagoen estilo bisuala baliatuz, Pablosek dramatismo esplizitua baztertu eta isiluneei, gorputzei eta keinuei protagonismoa ematen dien kontakizuna eraiki du. Kameraren begirada xehetasun horietan pausatzen da.

Bazterretan bizi diren gorputzen errealitatea abiapuntu hartuta, norbera izateko leku baten bilaketa unibertsalari buruzko gogoeta mamitsua da filma.