Maryse CACHENAUT, Martine BOUCHET eta Hartzea LOPEZ ARANA
CADE, ELB eta Lurzaindiaren izenean
KOLABORAZIOA

Marienia: elkarren arteko garaipenera

Hamabi urteko kalapiten ondotik, badirudi Marieneko ordokian aurreikusi eraikuntza programa fase berrian sartu dela. Proiektuarekin aberastu nahi dutenen ahaleginak ahalegin, Bouygues-en eta Kanboko herriko etxe berriaren arteko eztabaiden tenorea abiatu liteke, proiektua bertan behera uzteko baldintzei buruz.

Lurraren defentsaren aldeko talde eta elkarteen iniziatiba anitzik gabe, halakorik ez zen gertatuko. Partida ez bada oraindik osoki bururatua ere, elementu desberdinek eraman gaituzte egoera honetara eta esperientzia zonbait gogoan atxiki ditzakegu.

Lokalki errotu, orokorki ekarri. Kanbon, Nahi Dugun Herria talde abertzaleak burutu lan tematsuak, CADE elkarteko ekologisten laguntzaz, lasterketa luze honen oinarriak jarri zituen. Informazioek, manifestaldiek eta herriko etxean egon solasek arazoa erakutsarazi zuten, dinamikaren zabaltzeko aukera ekartzeko. Lehen momentutik, lurraren jabeen eta hautetsi batzuen arteko laguntasuna argi ageri zen, eta horrekin galdera: etxegintzarako lur horien sakrifikatzeak benetan balio ote du, finantza operazio baten truke? Jakinik, gainera, Kanbon eraikitzeko beste eremuak badaudela, lur emankorrak suntsitu beharrik gabe. CADEk justizian jarri helegiteak, egitasmoa politikoki gelditzeko eta eztabaida plazaratzeko burutuak, funtsezkoak izan dira obren gibelarazteko.

Lurzaindiko eta ELBko laborarien inplikazioaren ondotik, Ostia sareak ere borroka hau bere egitea erabaki zuen. Angelun, Alday promotorearen egoitza batzuen aitzinean aste bateko lehen okupazioa antolatu ondotik, sarea Marienean lanak hastekotan blokeatze ekintzen ideia proposatzeko trenpuan sentitu zen. Bi hitzorduk (asteburu bateko okupazioa han berean eta Bouygues-en egoitzan maketaren andeatzea) ekintza zuzena gaineratu zioten lan amankomunari. Geroago, sentsibilitate guzien arteko koordinazioa jarriko zen martxan, emateko pauso bakoitza denen artean pentsatzeko gisan.

Batasuna eta aniztasuna. Talde bakoitzaren ibilbide, egiteko molde eta helburuak askotarikoak dira. Elkarren artean akomeatzen ikasi dugu, indartsuagoak bilakatzeko. Kontsentsuak leku handia ukan du eta tendentzia bakoitzak bere ekimenak bultzatu ditu, interes orokorra errespetatuz. Arlo guzietan, hozkari aitzina hartzea izan da metodoetarik bat, batzuetan elkarrekin arituz, bestetan bakoitza bere kasa. Osagarritasuna sortu da hortik, baita konbentzimendua ere sistema oso bat geldiaraztea posible dela, eta guzien ahalak erdian jarriz helmugara heldu daitekeela. Sekuentziaz sekuentzia, determinazio hori finkatu egin da.

Ostiaren xede nagusia lekuko borrokei sostengua ekartzea da eta, karia horretara, ilegaltzat joak diren eginkizunak neurrian bultzatu dira, benetan kolektiboa den indar harremana sendotzeko gogoa luze eta zabal asumituta. Horrela hasi zen eremuaren okupazio progresiboa, dei publiko eta parte hartzaileen bidez. Panel hautsi, hesi bota, lursail pozoitu bakoitzeko, inguruko jendea hor zen konponketen eta berreraikuntzen egiteko, anitzetan auzoek abisaturik. Zad moduko okupazio iraunkorraren posibilitatea ez da urrun egon, eta behar izanez gero aktiba liteke.

Sinboloak eta ondorioak. Sorpresarik gabe, indar militantea deuseztatzeko errepresioa eta maltzurkeria ez dira falta izan. Atxiloketak eta auziak ohiko diren lurralde honetan, inkulpatuei ekarri laguntza mintzaleku politikoa bihurtu da, sostenguaren zabaltzearekin batera. Gure jardueren ondorioak molde partekatuan kudeatu ditugu, eta, dinamika aitzina joan arau, jende eta ideia berriak heldu dira. Elkar laguntzak funtzionatu du, auzia Euskal Herri osora eramanez, baita beste eskualdetatik etorri adiskide batzuen hurbiltzearekin ere. Eta, une batean, eragozpenen gainetik, irabazteko baldintzak emendatzen ari direla konturatu gara, gure aurkakoenak ahultzen doazen bitartean.

Ez laxatu deus. Oraino bada bide egiteko eta ez dakigu ea promotorea edo lur-jabea ez diren erreklamazio eta kexa sotiletan sartuko, berezkoa zaien diru gose logikan. Edo urguilua salbatzeko. Dena dela, eraikuntza programaren geldiarazte faktualaz gain, PLUi-a aldatzeko bataila da erdietsi beharreko helburua. Santuarizatzea.

Horrekin guztiarekin ere ez dugu kapitalismoa ezabatuko, baina heldu diren mobilizazioei begira aurrekari inportantea izanen da dudarik gabe, herriari eta jaunttoei bidali seinalea. Arrazoi horiengatik ere jartzen ditugu hainbat energia afera honetan. Bakarrik fiteago goaz, elkarrekin urrunago.