Iñaki SOTO

Kozo Okamoto, beste garai bateko militantea, agertokia mantendu bada ere

(Anwar AMRO | AFP)

Kozo Okamoto, Palestinako zein nazioarteko mugimendu iraultzaileen borrokalari historikoa 2026ko uztailaren 23an hil zen Beiruteko hegoaldeko auzoetan. Bere heriotzaren berri Palestinaren Askapenerako Fronte Popularrak (PAFP) eman du publikoki, agiri bidez «kide internazionalista handi baten» heriotza doluz eta harrotasunez iragarriz. PAFPko Zuzendaritza Politikoak zein Batzorde Zentralak adierazi dutenez, palestinarren artean “Ahmad Japoniarra” gisa ezaguna zen Okamotok bizitza osoa eskaini zion Palestinaren erresistentziari eta inperialismoaren aurkako nazioarteko borrokari. Hamas mugimenduak ere dolumina helarazi du, Okamoto mundu mailako elkartasunaren eta erresistentziaren sinbolotzat hartuz.

JAPONIATIK EKIALDE HURBILERA

Kozo Okamoto 1947ko abenduaren 7an jaio zen Kumamoton, Japonia hegoaldean, irakasle familia batean, eta zazpi anai-arrebetatik gazteena zen. Kagoshimako Unibertsitatean Botanika ikasten ari zela, Vietnamgo Gerraren aurkako ikasle mugimenduetan parte hartzen hasi zen. Bere anaia nagusi Takeshik -1970ean Japoniako hegazkin baten bahiketan parte hartu ondoren Ipar Koreara ihes egin zuenak- ezkutuko sare iraultzaileekin harremanetan jarri zuen.

Garai hartan sortu zen Japoniako Armada Gorria, Fusako Shigenoburen gidaritzapean, eta nazioarteko askapen mugimenduekin lankidetzan hasi zen. 1971. urteko amaieran, Libanora bidaiatzeko agindu zioten Okomotori, PAFPren entrenamendu militarra jasotzeko Beqaa ibarrean. Bertan, Wadie Haddad PAFPko egituren buruak prestaturiko ekintza batean parte hartzeko hautatu zuten.

LODEKO EKINTZA ETA ONDORIOAK

1972ko maiatzaren 30ean, Okamotok eta bere bi kidek, Tsuyoshi Okudairak eta Yasuyuki Yasudak, Air Franceko hegaldi batean Erromatik Tel Avivera bidaiatu zuten. Lodeko aireportura iristean (egun Ben Gurion aireportua dena), maletetan gordetako fusilak eta granadak atera eta tiroka hasi ziren. Ekintza horretan 26 pertsona hil ziren -horietatik gehienak, 17, Puerto Ricoko erromes kristauak-, eta 80 baino gehiago zauritu. Okudaira eta Yasuda ekintzan hil ziren, eta Okamoto zaurituta atxilotu zuten.

Ekintza hori Israelgo Armadak 1968an Beiruteko aireportuaren aurka egindako erasoei PAFPk agindutako erantzuna izan zen. Ghassan Kanafani idazle eta PAFPko bozeramaileak publikoki hartu zuen bere gain operazioaren erantzukizuna. Epaiketa militarrean, Okamotok erruduntzat deklaratu zuen bere burua, adieraziz borrokalari iraultzaileak «izar» bilakatzen direla hiltzean. «Martiri bihur ez zedin», israeldar epaileek biziarteko hiru kartzela-zigor eta 10 urte gehiagoko kartzela zigorra ezarri zioten.

ZIEGAK, PRESOEN TRUKEA ETA LIBANOKO ASILOA

Okamotok 13 urte igaro zituen Israelgo espetxeetan, gehienak isolamendu babesgabean eta tortura sistematikoen azpian. Egoera horrek bere osasun mentala eta fisikoa izugarri kaltetu zituen. 1985eko maiatzaren 20an askatasuna berreskuratu zuen “Galilea Operazioa” izeneko preso trukeari esker, zeinean PAFP-Komando Nagusiak hiru soldadu israeldarren truke ehunka preso askatzea lortu zuen.

Libian eta Sirian egonaldiak egin ostean, Libanora itzuli zen. 1997an atxilotu egin zuten pasaporte kontuengatik Japoniako Armada Gorriko hainbat kiderekin batera, baina 2000. urtean Libanoko Gobernuak babes politikoa eman zion -Japoniak egindako estradizio eskaerei uko eginez-, Israelgo okupazioaren aurkako borrokan parte hartu izana eta kartzeletan torturak jasan izana aintzat hartuta. Okomotorekin batera atxilotu zituzten lau kideak, ordea, Japoniara estraditatu zituzten.

Ordutik, Ahmad Japoniarra” izenpean eta islamera bihurtuta, Beiruteko errefuxiatu eremuetan bizi izan da Okomoto, PAFPren babespean. 2022an egin zuen azken agerraldi publikoa, Lodeko ekintzaren 50. urteurrenean.

Iragan den ostiralean, PAFPko kideek Okamotoren gorpua besoetan eraman zuten, beren beste edozein hildako kide eramaten duten bezala. Prozesioa Al-Khashoggi meskitatik abiatu zen, Palestinar Iraultzaren Martirien Kanposanturaino. Bertan lurperatu dute.

Okomotoren heriotzarekin, XX. mendeko internazionalismo iraultzailearen atal bat itxi da. Bien bitartean, hori bai, XXI. mendeko internazionalismoaren agertokiak bera izaten jarraitzen du, alegia, Palestina eta Ekialde Hurbila.