EDITORIALA

Mehatxu handien aurrean, txikien autodeterminazioa

Donald Trumpek Groenlandiarekiko duen obsesioak ez du mugarik. Monroe doktrina berpiztu izanak presidentearen eta haren kanpaina garestiak ordaintzen dituzten enpresarien orbitaren jomugan jarri du uhartea. Greenland Energy petrolio-enpresa estatubatuarrak hango kostan petrolio gordina zulatzeko saioa egin du, behar dituen baimenak izan gabe. Bere akziodunen artean, Trumpen hurbileko aberats errepublikanoak, Itsas Armadako beteranoak eta telebistako aurkezleak ditu.

Enpresaren saioak uharteko agintariekin egin du topo, momentuz. Proiektua abiatzeko nahitaezko baimenik ez duela argudiatu du Groenlandiako Gobernuak. Uharteak 2021ean utzi zion lizentzia berriak emateari, klima aldaketa dela eta, baina korporazio estatubatuarra filial britainiar batean babestu da betoa saihesteko. Atzo, konpainiak itzultzeko mehatxua egin zuen, bere petrolio-proiektuak AEBn anexioarekin zerikusirik duenik ukatuta, sinesten zaila dena. Izan ere, zulaketa Jeff Landryren bide orrian ageri da. Groenlandiarako ordezkari berezia da Landry, Trumpek izendatua, eta maiatzean argi utzi zuen Washingtonek Iranen aurka abiatutako gerrak eragindako energia krisia arindu dezakeela uharteko petrolioak.

Akatsa litzateke, hortaz, gertatutakoa garaipen lasaigarri bat bezala irakurtzea. Inperioak ez dira inoiz banderekin eta soldaduekin soilik hedatu, eta baliabideen eta merkataritza bideen kontrola beti izan da lurralde menderakuntzaren beste aurpegia. Gaur egun, mekanismo zahar horrek logika berria hartu du. Lurmentzeak lehen pentsaezinak ziren bideak irekiko ditu eta Artikoak gordetzen dituen aberastasunak eskura jarri, uhartea geopolitikaren erdigunera itzulita. Orain, Kopenhage ari da berriz ere Etxe Zuriarekin Groenlandiaren etorkizuna negoziatzen, sarri bertako Gobernuari lehentasuna kenduta. Groenlandiako herritarrek AEBra batzea baztertu eta Danimarkatik emantzipatu nahi dute; uhartea ez dago petrolio enpresen esku, ezta bi estaturen arteko akordio baten menpe. 57.000 groenlandiarrak edozein erabakitatik kanpo utzita ituntzen den oro hilda jaioko da. Mehatxu autoritarioaren aurrean, autodeterminazioa dute harresirik sendoena.