Olibondoak gogoan
E-I, eklipsearen osteko lehenengo urtean gara. Eta udan, zehatzago. Gero udazkena etorriko da, egutegian behintzat, baina gaur-gaurkoz ez dago esaterik benetan udaren azkena izango ote den ala betiereko udan segituko dugun luze batean. Izozki-saltzaileentzat ondasuna, suhiltzaileentzat hondamena. Eskerrak ez dagoen klima aldaketarik!
Tira, harira! Aitor dut, aurten ez naiz urrunera mugitu. Eklipsea aitzakia, penintsulan geratu naiz. Gure beheko estatuak mendebaldekoarekin bat egiten duen eremuan ibili naiz, gerizperik gerizpe, angelus orduan. Erliebe zaharrean ibaiek hondeatutako parajeetan, arroilaz arroila, herriz herri. Herrixka batzuek “Il commissario Montalbano” telesaila gogoratu didate, inor ez hemendik inor ez handik. Plaza hutsak hustutako herrietan. «Se vende» kartelak nagusi. Herri guztiak beti hutsik? Ez! Askotan jaiak, santu hau dela done hori dela, baina jai! Orduan bai giza-beroa herriotan, berezko beroari gehitua! Orduan bai zarata eta algara! Eta zezenak programan...
Ama, ama! Kezkatzen hasita nago neure buruarekin! Ez zaizkit, bada, arrazoiak metatzen ari Elizaren alde egiteko? Batetik, santuek mantentzen dituzte herri txikiak bizirik, jai egunetan sikiera, prozesioak barne... Bestetik, elizak berak babes klimatiko bihurtu dira praktikan; bakarrik faltako zen sakristiako kaliza gordetzeko lekuan lurraldeko ardoa fresko mantentzea! Eta wifia jartzea! Hori aski ez, eta gure lurretako eliza batzuetan, sermoiak sermoi, ebanjelioak zer dioen gogoratu behar izan diete agintari batzuei! Nork bere sermoian sartzeko! Hasi behar dut ebanjelioa berriro irakurtzen... Eta ni Getsemanira eraman naute erliebe zahar horretako granitozko lurretan suteek, erretako olibondoek, kolonoak surik gabe erretzen ari diren Zisjordaniara... Akaso eklipseak gehiago itsutuko gintuen? Amen!

Relevo con polémica en el programa «En Jake»

«Juan Carlos I era el rey de una corte de golfos»

Kantuan agurtu dute Sabino Ormazabal

El revuelo en la diócesis de Donostia por el veto a las cenas llega a Insausti
