Floren AOIZ
@elomendia
JOPUNTUA

Maroko eta 78ko erregimena

Lehen mailako protagonista bilakatu da Maroko espainiar Estatuaren agenda politikoan, Ceutan gertatutakoaren ondotik. Beti egon da, mehatxu edo lagun maitatu gisa aurkeztuta, unearen eta komenigarritasunaren arabera. Azken hamarkadetako migrazio jarioek dimentsio berezia eman diete bi estatuen arteko harremanei. Espainiak eta Frantziak (eta aurretik Portugalek) kolonizatu zuten Magreb, baita haien artean lehiatu ere, ahal bezainbeste lurralde-botere izateko. Gaur egungo Maroko, aldi berean, deskolonizazio eta egitasmo inperial baten adierazpena da, potentzia europarren irteera ez baitzen egin matxinada edo iraultza herrikoi aurrerakoien arabera, egitasmo monarkiko atzerakoi baten inguruan baizik. Izan ere, Maroko ez da Aljeria, nahiz eta egungo Aljeria ere ez den independentziaren garaietakoa.

Marokok izan ditu, gauzak horrela, taupada espantsionistak, Sahararen kasuan ikusi denez. Ceuta eta Melilla ageri dira hedapen horren jomugan, esplizituki horrela formulatu ala ez, eta, jakina, harreman komertzial, diplomatiko eta bestelakoak hautsi gabe. Are, Franco hil ondotiko erregimenean trinkotu egin ziren Marokorekiko loturak, harreman ilunak ere ugaldu zirelarik: ustelak erraz nahasten dira beste ustelekin, mugen eta gatazken gainetik. Armiarma sare hori noraino iristen den ez dakigu, baina pentsatzen ahal dugu eragina duela egungo krisian.

Maroko 78ko erregimenaren konplize eta etsai da, biak batera. «Moro inbasore»-aren mitoa funtsezkoa izan da mendeetan zehar espainiar egitasmoaren eraikuntzan. 711ko inbasioa, Pelayo, Covadonga, birkonkista... elementu horiek guztiak erabili dira errelato nazional bat eraikitzen, zeinean Espainia «moro»-engandik askatzeko egitasmoa baita. Narratiba hori indartu egin da orain, eskuinari balio diolako Sanchezen kontrako oldarraldian. Eskuin hori bera, baina, Marokoko erregimenaren aliatu sutsua da, sionista eta Trumpen Estatu Batuekin batera, baina, bizi garen garaiotan, inkoherentzia horiek ez dute eragin handirik.