Markel GARZON GOITIA

Ondalan Erraldoi Konpartsa: 30 urte herriz herri kaleak alaitzen

Hiru hamarkada igaro dira dagoeneko Deustuko Ondalan Erraldoi Konpartsak eta Bizkaiko Gaiteroek euren bidea hasi zutenetik. Uda osoan zehar erraldoiak dantzarazten ibili ostean, bihar ospatuko dute elkarrekin urtemuga Bilbon, erraldoi topaketa handi batekin eta bidelagun izan dituzten beste Euskal Herriko konpartsekin batera.

Ondalan Erraldoi Konpartsa eta Bizkaiko Gaiteroak, Bilboko Aste Nagusian ospatutako XXX. Erraldoi eta Buruhandien Kontzentrazioan.
Ondalan Erraldoi Konpartsa eta Bizkaiko Gaiteroak, Bilboko Aste Nagusian ospatutako XXX. Erraldoi eta Buruhandien Kontzentrazioan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Urte bereziki hunkigarria izaten ari dela aitortu du Jabi Ortegak (Bilbo, 1976). Izan ere, 30. urteurrena ospatzen ari da Deustuko Ondalan Erraldoi Konpartsa, eta Ortega lehen egunetik ibili da bertan inurri-lanetan; ez da harritzekoa, Ondalanen fundatzailetako bat baita. Euskal Herriko hamaika plaza, kale, etorbide eta errepide hartu dituzte urtean zehar konpartsakideek: Mungian, Zornotzan, Gorlizen, Ermuan, Lemoan, Getxon, Kanbon, Portugaleten, Elorrion eta Ugaon, besteak beste, ibili dira erraldoiak dantzarazten, kaleak koloreztatzen eta jaiak girotzen.

Konpartsaren 30 urteurrena ospatzeko xedez, erraldoi topaketa handia antolatu dute Bilboko San Inazio auzoan, bihar goizean. Eguraldia lagun izango dute, eta urte hauetan guztietan bidelagun izan dituzten Euskal Herriko hainbat konpartsa ere gerturatuko dira Bilbora: Arrasateko Erraldoiak, Bergarako Erraldoi Taldea, Bermeoko Erraldoi Konpartsa, Beti Jai Alai Dantzari Taldea (Basurtu), Irrintzi Erraldoi Konpartsa (Donostia), Santurtziko Erraldoiak, Sanduzelaiko Erraldoiak (Iruñea) eta Sukila 86 (Kanbo). Pedro Astigarraga plazatik abiatuko dira erraldoiak, 10.30ean. Elorrietatik igaro ondoren, Lehendakari Agirre etorbidea zeharkatuko dute Lebante plazaraino. «Guk urtebetetze festa bat izango balitz bezala hartzen dugu. Topaketa oso berezia, anitza eta alaia izango da», ziurtatu du Ortegak.

INDAR LOKALA, ERREGAI

Inork baino hobeto daki Ortegak: erraldoi konpartsa bat 30 urtez mantentzea ez da erronka makala. Ondalanen hastapenei erreparatuz, aitortu du 80ko hamarkadan «oso urria» zela eskaintza eta «konpartsa independente gutxi» zeudela. Hots, nolabait «usteltzen» ari zen mugimendua. «Saiatu ginen alkateak konbentzitzen erraldoiak Euskal Herriko ondarea zirela esanez, zaindu behar zirela, batez ere zaletasuna pizteko asmoz, azken finean, eguneko jaia bultzatu nahi genuen erraldoiekin», gogoratu du Ortegak. Zailtasunak zailtasun, Deustun konpartsa bat eratzeko aukera zegoela ikusi zuten, «nahiko indar lokal» ikusten baitzuten auzoan. Azken batean, Ondalaneko kidearen ustez, erraldoiek «herriari lotuta» egon behar dute eta «euren gertuko ingurunea ordezkatu behar dute».

Ildo horretan, erabaki zuten Deustuko alkatea, Ibarrekolandako txakolingilea, Erriberako marinela eta zirgaria izan behar zirela erraldoiak. Bestalde, beste erraldoi txikiago batzuk ere sortu zituzten, Bizkaiko ogibide tradizionalei lotuta: pilotaria, esne saltzailea, laiaria eta ikazkina. Tradizioa bermatzeko ezinbestekoa da harrobia. Egun, 60 kide biltzen dira, tartean, adin txikikoak, Ortegaren ustez zaletasuna belaunaldiz belaunaldi mantendu behar baita.