June ROMATET IBARGUREN
ERNAIREN MANIFESTAZIOA

«Euskal Herria Irabaztera!» irten dira milaka lagun

«Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez» lelopean mobilizatzera Ernaik deituta, milaka gaztek hartu zituzten Donostiako kaleak atzo. Omenaldiak, ekintza antifaxistak eta oihuak tarteko egin zuten manifestazioa, aldarrikapen nagusia argi utzita: Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskalduna nahi dute, eta haren alde borrokatuko dira.

Oihuz eta aldarrikapenez bete dituzte Donostiako kaleak.
Oihuz eta aldarrikapenez bete dituzte Donostiako kaleak. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Atzo, Donostiako Parte Zaharrean, hainbat koloretako kamiseten artean, Euskal Herri «aske, sozialista, feminista eta euskaldun» baten alde dauden lagunak batzen hasi ziren goizean zehar. Ernaik “Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez” lelopean mobilizatzeko deialdia zabaldu baitzuen, eta erantzuna iritsi zen.

Goizetik eguerdira pixkanaka elkartzen joan ziren gazteak, herrietako argazkiak ateratzen eta manifestazioari hasiera emango zioten tokirantz gerturatzen. Ordu bat eta erdiak jo orduko Bulebarra jendez beteta zegoen eta pankartaren atzetik hasi zuten ibilbidea. Hainbat adinetako jendetza bildu zen, gazteak gehienak, eta kalean zehar zihoazelarik «independentzia!», «Euskal Herria antifaxista!», «jo ta ke, irabazi arte!» eta «gazte borroka, gazte antolakuntza!» oihuak entzun ziren, besteak beste.

Ibilbidean zehar, ikurrinak eta Nafarroako bandera txikiak nonahi ikus zitezkeen, baita bandera erraldoiak ere. Euskal Herri aske baten alde mobilizatutako kide guztiak elkarren alboan joan ziren Gipuzkoako hiriburuan zehar, egungo testuingurua salatzen eta alternatiba badagoela aldarrikatzen. Baita gazteei iraultza egitera deitzen ere.

Aitor Zabaletari omenaldia egin zioten «Aitor Zabaleta gogoan zaitugu» zioen pankarta zabalduz ibilbidearen erdialdean. «Herriak ez du barkatuko!» eta «Aitor Zabaleta!» oihukatzen zuten artean, lore sorta bat eskaini zioten Zabaletaren ikurra den txano erraldoi bati.

Okendo kalean aurrera egin ahala, ke gorriz bete zuten bidea. «Estatu terrorista, Estatu espainola!» garrasiaz kalea bete zen unean, espainiar zein frantziar banderak erre zituzten.

Bulebarrean sartu berritan, Espainiako erregearen estatua bat lurrera bota eta mailuekin joz hautsi zuten. Haren gainetik igaroz egin zuten ibilbidearen azken zatia. Errepidearen erdigunean txalo artean hartu zituzten jarraian oholtzara abestera igo ziren kideak, eta Ernairen “Irabaztera” abestiaren doinuak eman zion hasiera ekitaldiari.

KONPROMISOAK BERRETSI

Mobilizazioa Ernairen IV. kongresua amaitu eta lau hilabetera egin dute. Amaiur Egurrolak argi azaldu zuen orduan hartutako bi konpromiso berresten dituztela: «Euskal Herriarekiko konpromisoa eta Euskal Herriko gazteriarekiko konpromisoa». Gainera, horiek «muturreraino eramateko borrokari» ekingo diotela aldarrikatu eta horretan ari direla irmoki defendatu zuen bozeramaileak.

Atzera begiratu eta eskerrak eman zizkien lanean aritu direnei: «Gure konpromisoa kalean ikusten da, kafeetan, txandak egitean, baita beste behin gurutze frankistak eraistean ere». Eskerrak eman zizkien, batez ere, «garaiari tamainako erantzuna» emateagatik.

Kapitalismotik eredu berri baterako trantsizioa «are bortitzagoa eta autoritarioagoa» izaten ari dela nabarmendu zuen Egurrolak. Eta azpimarratu zuen gero eta gehiagok egin nahi diotela aurre egungo egoerari: «Aldaketarako potentziala, beraz, badago, kontua da aldaketa hori nork eta nola ardaztu eta norabideratzen duen».

Hori dela eta, argi adierazi nahi izan zuen «sistema kapitalista zisheteropatriarkalaren» aurrean badirela beste etorkizun posible batean sinesteko arrazoiak.

HERRI ERANTZUNAK

«Alternatiba badagoelako adierazle» gisa deskribatu zituen azken hilabeteetan egin diren ekimenak; besteak beste, Euskal Selekzioaren aldeko mobilizazio zein argazkiak, edota arrazakeriaren aurka eman diren erantzunak.

Ez zuen aipatu gabe utzi kaleko afari solidarioen debekua: «Argi diogu, Insausti jauna: elkartasuna ez da delitua, eta ez dago elkartasuna kriminalizatzerik. Gora Euskal Herri antirrazista!». Entzuleek mezua txalo eta oihu artean jaso zuten, bat eginez eta KAS babestuz.

Alternatiba beharra irmoki defendatu zuen Ernaik, eta aldarrikatu zuen testuinguru globalak «urteetan defendatutako bi errealitate agerian» utzi dituela. Batetik, Euskal Herriak askatasuna ukatua duela, «bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea ukatzen baitzaio». Bestetik, badaudela beste jendarte eredu bat eraikitzeko aukerak: «Mundua erreakziorantz biratzen ari den garaiotan, Euskal Herria beste mundu baten aldeko borrokaren itsasargi da».

ALTERNATIBAREN ALDE

Faxismoaren aurrean beharrezkoak diren alternatibak martxan jartzeko zer eraiki nahi den argi izatea beharrezkoa dela esan zuen Egurrolak, eta Ernaik badakiela zein den bidea. Gainera, aitortu zuen faxistek ulertu dutela hori eta agerian uzten dutela, beren ideiak Espainiako banderak eskuan eta «putos vascos» oihuka defendatzean. «Jakin dezatela, ohorea dela haien buruko min handiena izatea. Hala izaten jarraituko dugu: banderak kiskaliz, Francoren oinordekoak boteaz zein azaroaren 28an Miarritzen faxistei gure herrian ongi etorriak ez direla esanez», aldarrikatu zuen.

Ideia horri eutsiz, Ernaik iniziatiba politikoa hartu eta urrats berri bat egingo duela iragarri zuen Egurrolak: «Hurrengo hilabeteetan esku artean izango dugun proposamena osatu dugu. Garaiotan beste Euskal Herri bat posible dela ikusarazi nahi duen tresna, bederatzi aldarrikapen eta konstatazio argi bat: borrokatzeko unea da».

Era berean, hurrengo hilabeteetan proposamen hori zabaldu eta bertan jasotzen diren aldarrikapenen alde borrokatuko direla argitu zuen. Amaitzeko, atzo egindako mobilizazioan ekin zioten bideari jarraipena emango diotela adierazi zuen: «Bilakatu dezagun indar hau erregai askatzailea. Batu gaitezen eta goazen borrokara. Irabaztera goaz!».