Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
PERLAK: IRON BOY

Kortsearen barruko askatasuna

Nerabezarotik heldutasunerako trantsizioari buruzko film eder honen protagonista Christophe da, 11 urteko mutikoa. Chartresetik gertu dagoen etxalde batean bizi da, eta familiaren eguneroko nekazaritza lanetan laguntzen du. Egun batean, bizkarrezurrean arazo bat duela antzematen diote: mutila ezin da tente mantendu eta, ondorioz, kortse metaliko bat eraman beharko du.

Gailu metaliko horrek sortzen duen paradoxa filmaren ardatz nagusietako bat da. Christophe zuzen mantentzeko sortutako gailuak, paradoxikoki, familiak berarentzat marraztutako bide zuzenetik aldentzera behartzen du. Kortsea muga da, baina baita askatasunerako abiapuntua ere; zama da, baina baita armadura; kartzela da, baina baita munduari beste angelu batetik begiratzeko leihoa ere. Gailu hori, beraz, kontakizun konplexuago baten abiapuntua da: familiak, inguruneak eta garaiak aurrez zehaztutako lekua onartu beharrean, bere gorputzak behartuta beste leku bat bilatu behar duen haur baten istorioa.

Filma desgaitasunari edo gainditze pertsonalari buruzko kontakizun konbentzionaletatik urruntzen da. Hasiera batean bazterketa eta bakardadea ekarriko dituela dirudien egoera horrek, pixkanaka, bere buruari buruzko galdera berriak egitera eta beste nortasun bat bilatzera bultzatzen du Christophe.

Estudio handien formula ezagunak eta ikusgarritasun teknologikoa nagusi diren garaiotan, Louis Clichyk kontrako norabidean egiten du aurrera. Marrazkiaren itxurazko ahultasunean indarra aurkitzen du, animazioaren artisau izaeran intimitatea, eta, istorio txiki batean, gai handiak lantzeko aukera.