Desira, mina eta herentzia

Iritsi da Javier Calvo eta Javier Ambrossiren film berria. Canneseko zinema jaialdiaren 79. edizioan zuzendaritza onenaren saria eskuratu duen lana da, eta Zinemaldiko Perlak sailean aurkeztu dute. Filma Federico Garcia Lorcaren “La bola negra” amaitu gabeko lanean oinarritzen da
Istorioak hiru garai ditu ardatz: 1932., 1937. eta 2017. urteetan kokatzen da. Hiru gizon homosexualen bizitzetara hurbiltzen da filma, eta, hiru garaiak bananduta egon arren, haien istorioak lotuta daude. Sexualitatea eta desira, mina eta herentzia dira hiru bizitzen arteko hari ikusezina.
“La Mesías” telesailarekin erakutsi zuten barrokismo bisual eta narratiboa alde batera utzi gabe, Calvok eta Ambrossik puzzle emozional bat eraiki dute. Pieza bakoitza dagokion lekuan jartzen da pixkanaka, eta, kontakizunak aurrera egin ahala, pertsonaien arteko loturak, zauriak eta iraganeko arrastoak agerian geratzen dira.
Federico Garcia Lorca idazle granadarrak “La bola negra” lanaren lau orrialde eskas idatzi zituen 1936an hil aurretik. Lan horretan, gizon homosexual gazte batek Granadako klub sozial batean sartzeko egindako eskaera, bola beltz baten bidez baztertzen dute. Lorcak amaitu gabe utzitako testu labur horretatik abiatuta, Calvok eta Ambrossik denboran zehar zabaltzen den istorio bat ehundu dute, hiru gizonen bizitzak eta haien arteko loturak ardatz hartuta.
HIRU GARAI, HIRU ISTORIO
Lehenengo istorioak “La bola negra” lanaren beraren argumentua du abiapuntu, Lorcak amaitu gabe utzi zuen kontakizunetik abiatuta. Bigarrena matxinatuen frontean kokatzen da. Hirugarren istorioan, berriz, dramaturgo bat da protagonista. Amarekin eta ia ezagutu ez zuen aitonarekin duen harreman konplexu eta traumatikoak familiaren iraganarekin aurrez aurre jarriko du.
Hiru istorio. Eta guztien artean, desira, beldurra, memoria eta herentzia lotzen dituen hari bera.

«Espainia da gure gudu zelaia eta inork ez du onartzen»

Otegi: ¿Por qué colaboramos en Iruñea y Baiona y no en Gasteiz?

El plan estrella de Lakua en Vivienda depende de una consultora madrileña

«Otro estatus está en el pacto de investidura con el PSOE, y el acuerdo es posible»
