Bram Stokerren «Dracula» euskarara ekarri du Ana Moralesek

Bram Stokerren “Dracula” euskaraz irakur daiteke aurrerantzean. Ana Moralesek (Bilbo, 1969) hartu du itzulpenaren ardura eta Elkar argitaletxearen eskutik kaleratu da eleberri ezaguna. Ingalaterra viktoriarrera garamatza liburuak. «Ezustekoak hartuko ditu nobelara hurbiltzen denak», aurreratu zuen aurkezpenean. «Ideologikoki oso garai kontserbadorean, genero rolen transgresioa ekarri zuen. Banpiroak haginka egiten dionean zer gertatzen zaio emakumeari? Lizuna eta haragikoia bihurtzen da, dominantea, begirada gogorrekoa, ez da eztia, emakume eta emazte victoriarrak izan behar lukeen bezala. Areago, ez zaizkio umeak interesatzen. Bueno, bai, jateko. Ideal victoriarraren guztiz kontrakoa da», adierazi zuen.
Moralesentzat interesgarria da munstroa aztertzea, «bere aurpegiak ikustea, jakiteko gizartean edo autorearen gogoan zer zen beldurgarria. Jarioen trafiko handia dago, odolarena batez ere. Aro viktoriarrean eta gurean kutsu erotiko nabarmena dauka horrek. Banpiroak biktimari haginka egitean enkontruen deskribapenek ezaugarri orgasmiko nabarmenak dituzte. Erakarpen eutsiezina sortzen du eta gonbidatu egin behar da etxera. Horrek ere ematen du zer pentsa».
Tabuekin eta perbertsioekin alderatu zuen. «Higuina eta erakarpen itzela sortzen ditu, aldi berean. Errurik gabeko bekatua egiteko aukera ematen du banpiroak».
Liburuan Drakulak emakumeei bakarrik egiten die hozka. «Gizonekiko erasoak zeharkakoak dira. Tabu handiegia litzateke. Eta Drakularen eraginpean dagoen gizonezkoa feminizatu egiten da».

El PNV entierra un legado para que lo abran en 2076

«Otro estatus está en el pacto de investidura con el PSOE, y el acuerdo es posible»

«Bortizkeria guztiak onartu behar dituzte estatuek ere, bestela frustrazioa dator»

Los pompeyanos, posibles autores del incendio de Irulegi
