Tasio ERKIZIA
Ezker abertzaleko militantea
GAURKOA

Eredu desberdinak

Urteroko Alderdi Eguna ospatu du EAJ alderdiak eta enegarrenez errepikatu dute, Aitor Estebanek zein Pradalesek, beraiek EH Bilduren aldean oso desberdinak direla. Jakina, ondoren behin eta berriz deskalifikatu gaituzte baina argitasun gutxi emanez. Ez dira saiatu adierazten zertan garen desberdinak izan etxebizitza politikan, osasungintzan, hezkuntzan, industrian edo euskararen alorrean. Azalpen gutxi eta deskalifikazio ugari. Besteei autokritika eskatu, norberaren jarrera zurituz. Eta, beti legez, EH Bildurekin ezin dela ezertarako kontatu ozenki oihukatuz bukatu zuten.

Desberdinak garela jakina da, eta gainera zinez interesgarria litzateke herritarrei ongi azaltzea zein politika desberdinak defendatzen ditugun, arrazoiak eta azalpenak emanez, noski. Elkarren arteko eztabaidak desagertu dira EITB kate osoan, izan telebistan zein irratietan, eta, horren ordez, diru publikoa erabiliz nahi adina propaganda eskaintzen digute; desberdinen arteko eztabaida eta kontrastearen ordez, propaganda instituzionala, egiten dutena goraipatuz eta egiten ez dutena txalotuz. Galdera bistakoa da: zergatik ez dute eztabaida publikorik egin nahi herritarrek ikus gaitzaten zertan garen desberdinak?

Harrigarria da EAJ alderdiak nola leporatzen dizkion ezker abertzaleari, gupidarik gabe gainera, beraien lotsak eta miseria propioak. Egun berean guk Gudari Eguna ospatu genuen dozenaka herriko plazatan, atzo eta gaur Euskal Herriaren alde lanean diharduten militanteak omentzeko. Aldiz, beraiek alderdia lehenetsi zuten egun horretan ere, urteko gainerako egunetan bezala, eta hala ere Salburuan guri leporatu ziguten «politika partidista eta elektoralista». Nolako lotsagabekeria!

Etxebizitza gaian, adibidez, begi bistan gelditzen da jarrera kontrajarriak ditugula. Izan ere, guk lehen etxebizitza erosi nahi duten herritar arrunten eskubideen defentsa lehenesten dugun bitartean, EAJ alderdia, Junts per Catalunyarekin batera, kezkatuta dago lau, bost edo zortzi etxebizitza dituzten maizter txikien eskubideak defendatzearekin. Ez dut proposatzen maizter txiki horiei bizitzeko erabiltzen ez dituzten etxebizitzak desjabetzea, noski; baina ez dut uste defendagarria denik kezka hori lehenestea. Horrela ulertzen da alderdi horrek Gasteizko Gobernuan daraman etxebizitza politika, zeinaren ondorioz bertako instituzioak etxebizitza publikorik gabe gelditu diren. Erabaki penagarrien ondorioz, merkatu kapitalistaren esku utzi dutenez etxebizitzaren kudeaketa, muturreko egoera honetara heldu gara.

Eta, noski, oso desberdinak da gure pentsaera ere polizia ereduari dagokionez. Ertzaintzaren baloreak eta jokatzeko moldeak askotan kritikatu izan ditugu, baina bultzatzen ari diren udaltzaingo eredua ere aski kezkagarria da, azkenengo Santurtziko eta Hondarribiko gertaerak adierazten diguten legez. Gizateriaren jokamoldeak eta baloreak hezkuntza sozialaren bidez landu eta gizarteratu beharrean polizia gehiago armatuz bideratutako politikak gailentzen direnean, horrelako ondorioak ditugu. Ez gara gizarte biolentoan bizi, bortxa erabiltzen duen Polizia daukagu.

Batzuen eta besteen gobernantza eredua ere aski desberdina da. Eta desberdintasunaren oinarriak nabariak dira. EAJk zein PSEk, beste alderdi konbentzional guztien antzera, beraien alderdia jartzen dute erdigunean herriaren beharrizanak eta lehentasunak askotan bigarren mailan utziz. Eta, horrela, udal eta gainerako instituzioetan gobernu sektario eta partidistak egiten dira, eta liskarra eta bazterkeria areagotzen dira. Gobernantza plurala eta irekia askoz natural eta demokratikoagoa da, alderdikerian oinarritutakoa baino.

EAJ alderdiko buruzagien helburua, EH Bildurekiko desberdintasunak handiak direla hainbestetan azpimarratuz, gurekin ezin direla ezelako adostasunetara heldu adieraztea da. Guk, aldiz, guztien gainetik oinarrizko adostasunetara heltzea beharrezkotzat defendatzen dugu. Politikagintzarako eredua desberdina dela? Noski. Baina, hala ere, oinarrizko adostasunak baditugu, besteak beste, biek ala biek Euskal Herria hartzen dugulako gure aberritzat, euskararen normalizazioa eskubide naturaltzat ulertzen dugulako eta gure herriaren etorkizuna bertan bizi garenok erabakitzea defendatzen dugulako. Herri txiki, menderatu eta zatitu honetan, bertako seme-alaben arteko elkarlana ez da aukera bat, ezinbestekoa baizik. Beraz, esparru batzuetan elkarrekin eta bestetan lehian. Bizitzako beste alor askotan bezala, politikagintzan ere esparru batzuk elkarrekin landu beharrean gara, eta beste batzuetan bakoitza bere bidetik. Eztabaida eta elkarlana osagarriak izan daitezke, errespetuan oinarrituz gero.

Aitor Esteban eta Pradales jauna, zuen herria eta gurea berbera da eta, beraz, ez da zaila interes komunak aurkitzea. Hori bai, gizarte eredu desberdina defendatzen dugunez desberdintasun nabariak ere baditugu. Dena den, nola esan dezakezue ezker abertzalearekin adostasunik ezin duzuela lortu, bere herri gisa Espainia dela defendatzen duen eta teorian, behintzat, ezkerrekoa den PSErekin besarkatuta bazabiltzate? Gobernantza eredu parte hartzailea defendatzean datza gakoa. Herritarrak bozka ematera mugatu beharrean, herriarekin gobernatzea, alegia. Borondate politikoa egonez gero, egingarria, noski.